‘Mikelekin Londresera’ ekimena martxan jarri dute udalak eta Odriozolak
Mikelekin Londresera ekimena abiatu dute Errenteriako Udalak eta Mikel Odriozola atleta olinpikoak elkarlanean. Odriozolak Londreseko Olinpiar Jokoetan hartuko du parte 50 kilometroko ibilketa proban abuztuaren 11n, eta horren harira antolatu duten ekimenak, kirola sustatzea, eta Olinpiar Jokoak herritarrengana eta bereziki haurrengana hurbiltzea du xede. Beste helburu bat ere badu, ordea: errenteriarren babesa Mikel Odriozolari helaraztea mundu txapelketaren aurretik, eta baita egunean bertan ere. Odriozolak , Jose Manuel Ferradas kirol zinegotziak eta Jesus Mari Erzibengoa Kirol teknikariak azaldu zituzten ekimenaren nondik norakoak atzo, Beraungo futbol zelaian egindako agerraldian. Ferradasek azaldu zuenez, aste honetan hitzaldiak ematen ari da Odriozola herriko ikastetxeetan, “lehenengo eskutik jakin dezaten Olinpiar Jokoetan parte hartzeak zer esan nahi duen”. Erzibengoak, hartzaileak ikastetxeetako 11 eta 12 urteko gazteak direla zehaztu zuen. Ekimen berritzailea Odriozolak egindako lehen hitzaldietako balorazio “oso positiboa” egin zuen: “Futbolaz gain beste kirolak badirela erakutsi nahi diet gazteei, eta lanarekin dena lortzea dagoela. Gazteek zuzenean galdetzeko aukera izatea interesgarria izateaz gain, berritzailea dela iruditzen zait”. Dagoeneko Gurutzearen Alabak ikastetxean, eta Langaitz eta Orereta Ikastoletan izan da errenteriarra. Hurrengo hitzorduak berriz, Koldo Mitxelena eta Telleri Aldeko ikasleekin izango ditu, aste honetan bertan. Ekimenaren barruan antolatutako egitaraua ordea, ez da horretara mugatzen. Izan ere, Herria Bizia webgunearen barruan [...]
Mikelekin Londresera ekimena abiatu dute Errenteriako Udalak eta Mikel Odriozola atleta olinpikoak elkarlanean. Odriozolak Londreseko Olinpiar Jokoetan hartuko du parte 50 kilometroko ibilketa proban abuztuaren 11n, eta horren harira antolatu duten ekimenak, kirola sustatzea, eta Olinpiar Jokoak herritarrengana eta bereziki haurrengana hurbiltzea du xede. Beste helburu bat ere badu, ordea: errenteriarren babesa Mikel Odriozolari helaraztea mundu txapelketaren aurretik, eta baita egunean bertan ere.
Odriozolak , Jose Manuel Ferradas kirol zinegotziak eta Jesus Mari Erzibengoa Kirol teknikariak azaldu zituzten ekimenaren nondik norakoak atzo, Beraungo futbol zelaian egindako agerraldian.
Ferradasek azaldu zuenez, aste honetan hitzaldiak ematen ari da Odriozola herriko ikastetxeetan, “lehenengo eskutik jakin dezaten Olinpiar Jokoetan parte hartzeak zer esan nahi duen”. Erzibengoak, hartzaileak ikastetxeetako 11 eta 12 urteko gazteak direla zehaztu zuen.
Ekimen berritzailea
Odriozolak egindako lehen hitzaldietako balorazio “oso positiboa” egin zuen: “Futbolaz gain beste kirolak badirela erakutsi nahi diet gazteei, eta lanarekin dena lortzea dagoela. Gazteek zuzenean galdetzeko aukera izatea interesgarria izateaz gain, berritzailea dela iruditzen zait”.
Dagoeneko Gurutzearen Alabak ikastetxean, eta Langaitz eta Orereta Ikastoletan izan da errenteriarra. Hurrengo hitzorduak berriz, Koldo Mitxelena eta Telleri Aldeko ikasleekin izango ditu, aste honetan bertan.
Ekimenaren barruan antolatutako egitaraua ordea, ez da horretara mugatzen. Izan ere, Herria Bizia webgunearen barruan Mikelekin Londresera esteka aukeratuta, goi mailako kirolariaren egunerokoa jarraitzeko aukera izango dute herritarrek: entrenamenduak, probak, sailkapenak eta baita bere gogoetak ere. Era berean, Odriozolari berari galdetzeko aukera izango dute bertan, eta kirolariak astean behin erantzungo ditu egindako galderak.
Abuztuaren 11n Londresen egingo duen 50 kilometroko ibilketa proba zuzenean jarraitzeko eta herritarrek Odriozola animatzeko, Kabian pantaila erraldoia jarriko dutela ere gaineratu zuen Ferradasek.