Izena eman daiteke dagoeneko Gaztañoko krosean
Herri krosak geroz eta zabalduago dauden honetan, Errenteria-Oreretan ere horren alde egitea erabaki dute, eta Gaztañoko I. Krosa antolatu dute ekainaren 16rako (larunbata). Gaztañoko Jai Batzordea dago ekimen horren atzean, eta auzoan egiten dituzte...
Herri krosak geroz eta zabalduago dauden honetan, Errenteria-Oreretan ere horren alde egitea erabaki dute, eta Gaztañoko I. Krosa antolatu dute ekainaren 16rako (larunbata). Gaztañoko Jai Batzordea dago ekimen horren atzean, eta auzoan egiten dituzten jaien barruan kokatu dute. Parte hartzeko interesa duenak dagoeneko izena eman dezake, eta horretarako, nahikoa da Errenteriako Hitzako webgunean sartu eta Gaztañoko Krosaren barruan (goialdean) azaltzen den linkaren gainean klikatzea.
Ibilbideak sei kilometro eta erdi izango ditu, eta Gaztañotik hasita Gaztaño Berri, Pontika eta Arramendi parkea zeharkatu beharko dituzte korrikalariek, berriro Agustinetatik barrena Gaztañora heltzeko. Bide horri bi buelta eman beharko dizkiote. Lasterketa 10:30ean abiatuko da.
Izena ematerakoan 6 euro ordaindu beharko dira lasterketaren aurretik apuntatuz gero, eta egunean bertan, berriz, 8 euro.
Antolatzaileek aurreratu dutenez, proba amaitu ostean, sariak banatuko dizkiete parte hartzaile guztiei, eta horrez gain, pintxo poteoa izango da.
Herritik kanpo datoztenei topoa edo garraio publikoa hartzea gomendatu diete.