
Goazen Plazaren barruko ekitaldia, Lezoko Saldise plazan
Goazen Plazara ekimenaren barruko ekitaldietan ehunka herritarrek parte hartu dute Oarsoaldean eta Bidasoan; festa, kultura eta aldarrikapenak uztartu dituzte.
Euskal preso eta iheslarien eskubideen aldeko aldarriak plazak hartu zituen larunbatean. Euskal Herrikoak, eta nola ez, Oarsoaldekoak eta Bidasokoak. Goazen Plazara ekimenean parte hartzera deitu zituen herritarrak Herrira mugimenduak, eta askotariko moduekin, baina mezu bakarrarekin, ia 2.000 herritarrek parte hartu zuten Oarsoaldean eta Bidasoan egin zituzten ekimenetan. Euskal Herrian, denera, 30.000 bat lagunek parte hartu zuten maiatzaren 19ko mobilizazioetan, Herriraren arabera.
Irunen 300 lagun bildu ziren Zabaltza plazan. Presoen senideen bidaien erakusketa zegoen jarrita plazan, eta nahi zutenek hura ikusten zuten bitartean, Herriraren ikurra landu zuten egurrean, harrian, eta oihal batean hainbat artisauk. Graffitia ere egin zuten. Parte hartu zuten irundarrek Herrira hitza osatzen duten hizkiekin mosaikoa egin zuten Zabaltza plazan.
Hondarribian hiru zutabe abiatu ziren herriko beste hainbeste txokotatik kai zaharreraino. Bertan argazkia egin zuten, eta gero Muaran herri bazkaria. 225 hondarribiar atera ziren kalera presoen eta iheslarien eskubideen alde.
Pasaian, San Pedron eta Donibanen, elkarretaratzeak egin zituzten barruti horietako plazetan, eta 65 eta 75 pertsona bildu ziren horietan hurrenez hurren. Antxon, garagardo festako karpa baliatu zuten euriari aurre egiteko, eta euriak Herrirakoek antolatuta zituzten hainbat ekimen baldintzatu zituen arren, 150 lagun atera ziren kalera errepresaliatuen eskubideen alde; hamarnaka lagunek herri aurreskua dantzatu zuten.
Lezo, Oiartzun, Orereta
Presoak eta iheslariak euskal herriratzearen aldeko banderak jarri zituzten lezoarrek larunbatean. Saldise plazan, haurrentzako txokoa ere izan zen, baita ekitaldia eta luntxa ere: 200 lagun bildu ziren.
Oiartzunen, goizean auzoetan jai giroak eta aldarrikapenek bat egin zuten: kale animazioa, musika, otorduak… Ilunabarrean Doneztebe plazan bildu ziren denak, mosaikoa egiteko. Goizean ehunka herritar ibili ziren auzoetan, eta arratseko ekitaldian 390 pertsona elkartu ziren plazan.
Errenteria-Oreretan, berriz, goizean zehar kultur ekimenak egin zituzten, musika eta erakusketak tartean. Ondoren, argazkiaren txanda iritsi zen, eguerdian: Gamon Zumardiko irudia osatzeko 350 oreretar batu ziren.
Hendaiako, Biriatuko eta Pausoko biztanleek Donibane Lohizuneko ekitaldian parte hartu zuten: 240 lagun elkartu ziren.