SOS Arrazakeriaren jarrera salatu du Iztietako Gurekin-ek
Munduko Arrozak ekimena egitekoak dira bihar Iztietako Diputazio plazan, eta horren harira, Gurekin auzo elkarteak SOS Arrazakeriaren jarrera kritikatu du. Biharko ekitaldiaren antolatzaileen arabera, elkarbizitza sustatu nahi dute, hala nola, herrian ...
Munduko Arrozak ekimena egitekoak dira bihar Iztietako Diputazio plazan, eta horren harira, Gurekin auzo elkarteak SOS Arrazakeriaren jarrera kritikatu du. Biharko ekitaldiaren antolatzaileen arabera, elkarbizitza sustatu nahi dute, hala nola, herrian azken urteetan izandako ika-miken ondorioz.
Gurekin-ek, ordea, ukatu egin du auzoan integrazio edo elkarbizitza arazorik egon denik, eta hori “SOS Arrazakeria eta horren jarraitzaileek haizaratu duten ideia” izan dela adierazi du. Haatik, auzoan egiten diren ekintza guztiak “irekiak” direla arrazoitu du.
Ekitaldiaren berri jaso ez izana ere salatu du elkarteak: “Ez dugu ulertzen SOS Arrazakeriak gu erasotu, iraindu eta kalumniatu ondoren, bat-batean gure auzoko plazara etortzea, aurretik hitz egin gabe, barkamenik eskatu gabe eta asmoen azalpenik eman gabe”.
Ildo horretatik, auzo elkarteak esan du hilabeteak daramatzala kultur eta arte ekintzak auzoan egiteko eskatzen, eta ez direla aurrera eraman. Gaineratu duenez, ohi bezala Zumardian egin zezaketen ekimena, baina Iztietan izango dela gogorarazi du.
Ekimen hori, gainera, “ibiltaria” dela esan du, eta horrenbestez, ez duela herritarren arteko integrazioa lortzen, “baizik eta pertsona batzuk egun batez beren idiosinkrasia ezberdina erakustera joaten dira”.

