Hilketaz ez dela gogoratzen esan du Rangelen bikotekide ohiak
Clara Rangel hil zuten gauean alkohol eta drogen eraginpean zegoela adierazi du haren bikotekide izandakoak, eta ez dela hilketa egin izanaz gogoratzen. Atzo egin zituen adierazpen horiek Donostiako Lurralde Epaitegian egiten ari diren epaiketaren bigarren egunean. Akusazioaren galderei erantzutean gau horretan Rangelekin eztabaida izan zuela aitortu zuen. Jeloskor zegoela ere adierazi zuen, anaiarekin harremana zuela ikusi baitzuen. Rangel hiltzeaz gain, anaia eta emakumeak beste harreman batean izandako semea erasotzea ere leporatzen diote akusatuari. Hilketa bera egin izana ez zuen ukatu gizonak: “Ekintzek berez hitz egiten dute”, esan zuen epaimahaiaren aurrean. Labana bat hartu izanaz gogoratzen dela onartu zuen, baina ez eraso egin izanaz. Andrea haurdun zegoenik ez zekiela adierazi zuen, fiskalaren galderari erantzunez. Horrenbestez, defentsak herenegun esandakoa berretsi zuen atzo akusatuak: drogen eraginpean zegoela hilketa izan zenean. «Behin-behineko buruko nahasmendua» argudiatuta absoluzioa eskatu du gizonarentzat. Fiskaltzak, berriz, 35 urteko kartzela zigorra eskatu du gizonarentzat. “Eraso bortitza” izan zela eta emakumeak bere burua defenditzeko inongo aukerarik ez zuela izan adierazi du. Akusatuaz gain, anaiak eta Rangelen semeak ere hitz egin zuten atzo, eta onartu zuten hilketa gertatu baino lau egun lehenago Rangelen bikotekide ohia larrialdietara eraman behar izan zutela, drogen eraginpean. Rangelen semeak “ero” baten moduan jokatzen zuela adierazi zuen, eta [...]
Clara Rangel hil zuten gauean alkohol eta drogen eraginpean zegoela adierazi du haren bikotekide izandakoak, eta ez dela hilketa egin izanaz gogoratzen. Atzo egin zituen adierazpen horiek Donostiako Lurralde Epaitegian egiten ari diren epaiketaren bigarren egunean.
Akusazioaren galderei erantzutean gau horretan Rangelekin eztabaida izan zuela aitortu zuen. Jeloskor zegoela ere adierazi zuen, anaiarekin harremana zuela ikusi baitzuen. Rangel hiltzeaz gain, anaia eta emakumeak beste harreman batean izandako semea erasotzea ere leporatzen diote akusatuari.
Hilketa bera egin izana ez zuen ukatu gizonak: “Ekintzek berez hitz egiten dute”, esan zuen epaimahaiaren aurrean. Labana bat hartu izanaz gogoratzen dela onartu zuen, baina ez eraso egin izanaz. Andrea haurdun zegoenik ez zekiela adierazi zuen, fiskalaren galderari erantzunez.
Horrenbestez, defentsak herenegun esandakoa berretsi zuen atzo akusatuak: drogen eraginpean zegoela hilketa izan zenean. «Behin-behineko buruko nahasmendua» argudiatuta absoluzioa eskatu du gizonarentzat.
Fiskaltzak, berriz, 35 urteko kartzela zigorra eskatu du gizonarentzat. “Eraso bortitza” izan zela eta emakumeak bere burua defenditzeko inongo aukerarik ez zuela izan adierazi du.
Akusatuaz gain, anaiak eta Rangelen semeak ere hitz egin zuten atzo, eta onartu zuten hilketa gertatu baino lau egun lehenago Rangelen bikotekide ohia larrialdietara eraman behar izan zutela, drogen eraginpean.
Rangelen semeak “ero” baten moduan jokatzen zuela adierazi zuen, eta akusatuaren anaiarekin ere harremana zuela uste zuela.
Akusatuaren anaiaren arabera, erasoa izan zen egunean bera eta Rangelen semea erasotu zituen akusatuak, “eta nahi izanez gero, hilko gintuzke”.