Oarsoaldeko eta Bidasoko judokek emaitza onak eskuratzen jarraitzen dute. Lehengo asteburuan Espainiako Txapelketa jokatu zuten Caceresen, eta guztira sei domina eskuratu zituzten bertan.

Xabier Cazorla lezoarrak zein Lidia Yarza hondarribiarrak beste behin zapaldu dute podiumeko mailarik gorenena txapelketa horretan. Izan ere, Yarza laugarren aldiz geratu da lehendabizikoa eta Cazorla beste hainbestetan.
Ama Guadalupekoa taldekoak 70 pisuz gorako kategorian gailentzea lortu zuen. Garaipen horrekin, Europako txapelketara joateko urrats garrantzitsua eman du. Estatu mailako laugarren urrea du: 2009 eta 2010ean Haur Mailako txapelketan irabaztea lortu zuen, eta iaz eta aurten kadeteetan. Gainera, aurtengo txapelketan zilarrezko domina lortu du Junior Mailako txapelketan.
Bere taldekide batek, Maialen Ramosek, 63 kiloz azpiko kategorian irabazi zuen, Haur Mailan. Bere arerio guztiei puntuazio altuenaren (ippon) bitartez irabazi zien. Daniel Palavecino taldeko entrenatzaileak adierazi duenez, klubeko balio handienetakoa da.
Bi urreez gain, hondarribiarrek hiru brontzezko domina eskuratu zituzten. Horrela, Iker Otegik, Nekane Muguruzak eta Antxon Lekarozek lortu zuten hirugarren postua Caceresen.
Cazorla, nahiko erraz
Usurbil Judo Taldeko lezoarrak 66 kiloz azpiko kategorian irabaztea lortu zuen, 17 urtez azpikoen artean. 2009tik darama irabazten.
Lehenengo eta bigarren borrokaldiak ippon bidez irabazi zituen Cazorlak, Tarazona valentziarraren eta Ocampo extremaduratarraren kontra, hurrenez hurren. Escuchas andaluziarrari osae-komi bitartez irabazi zion finalerdian eta finalean Adrian Oliver valentziarra denbora gutxian gainditu zuen.