Zilarrezko Mailara igotzea lortu du Ereintzak
Zilarrezko Mailara igotzea lortu du Ereintza Eskubaloi taldeak. Joan den astebukaeran jokatu zituzten Galtzarabordako kiroldegian Igoera Fasea eta finala, eta Errenteriakoek, larunbatean bertan lortu zuten igoerarako sailkatzea PAN Moguerri 28-27 irabazita. Taldea “izugarri pozik” dagoela lorpenarekin eta helburu guztiak gainditu dituztela esan du Alex Nogues entrenatzaileak: “Oraindik geureganatzen ari gara, denboraldi hasieran ez zuelako inork planteatzen hain urrutira helduko ginenik”. Harrobia ardatz Urte asko eman ditu Ereintzak Lehenengo Mailan jokatzen, baina lehen aldia zen Igoera Fasean sartzen zena. “Denboraldi honetan fasera sartu eta igoera lortu dugu”, azaldu du Noguesek. Hemendik aurrera, Zilarrezko Mailan ariko da Errenteriako taldea, eta besteak beste, maila horretan jokatzeak dituen gastuak bere gain hartzeko gai izango diren aztertu beharko dutela gaineratu du entrenatzaileak. Helburua, harrobitik sortutako taldea mantentzea dela nabarmendu du Noguesek, “beti ere jokalariek bidaien gastua bere gain har badezakete, ostiraletan atera beharko dugulako askotan, eta afizionatuak garenez, jendeak lana eta ikasketak ditu”. Babes handiagoaren beharra Taldea indartu behar dela ere aurreikusi du entrenatzaileak: “Gure inguruko taldeetako jokalariekin egin beharko dugu hori. Maila horretan, amateurrak izanik, haur txiroak izango gara”. Horren harira, deia egin die herriko enpresa eta erakundeei Ereintza bezalako taldeei babes handiagoa eman diezaieten. Izan ere, Noguesen aburuz, talde profesionalagoak babestera ohituta daude [...]
Zilarrezko Mailara igotzea lortu du Ereintza Eskubaloi taldeak. Joan den astebukaeran jokatu zituzten Galtzarabordako kiroldegian Igoera Fasea eta finala, eta Errenteriakoek, larunbatean bertan lortu zuten igoerarako sailkatzea PAN Moguerri 28-27 irabazita. Taldea “izugarri pozik” dagoela lorpenarekin eta helburu guztiak gainditu dituztela esan du Alex Nogues entrenatzaileak: “Oraindik geureganatzen ari gara, denboraldi hasieran ez zuelako inork planteatzen hain urrutira helduko ginenik”.
Harrobia ardatz
Urte asko eman ditu Ereintzak Lehenengo Mailan jokatzen, baina lehen aldia zen Igoera Fasean sartzen zena. “Denboraldi honetan fasera sartu eta igoera lortu dugu”, azaldu du Noguesek. Hemendik aurrera, Zilarrezko Mailan ariko da Errenteriako taldea, eta besteak beste, maila horretan jokatzeak dituen gastuak bere gain hartzeko gai izango diren aztertu beharko dutela gaineratu du entrenatzaileak. Helburua, harrobitik sortutako taldea mantentzea dela nabarmendu du Noguesek, “beti ere jokalariek bidaien gastua bere gain har badezakete, ostiraletan atera beharko dugulako askotan, eta afizionatuak garenez, jendeak lana eta ikasketak ditu”.
Babes handiagoaren beharra
Taldea indartu behar dela ere aurreikusi du entrenatzaileak: “Gure inguruko taldeetako jokalariekin egin beharko dugu hori. Maila horretan, amateurrak izanik, haur txiroak izango gara”.
Horren harira, deia egin die herriko enpresa eta erakundeei Ereintza bezalako taldeei babes handiagoa eman diezaieten. Izan ere, Noguesen aburuz, talde profesionalagoak babestera ohituta daude normalean, eta beraiena bezalako taldeak bigarren edo hirugarren mailan gelditzen dira: “Zarauzko Amenabarrek bezala, Ereintzakook harrobiarekin egin dugu lan, Errenteria edo Irungo jendea ari da gure taldean, hori da gure lan egiteko modua eta txipa aldatzeko eskatu nahiko nieke enpresa eta erakundeei, datozen urteei begira, atzetik datozen neska-mutilei babes handiagoa emateko, guk egun duguna baino”.
Astebukaerakoa eskubaloiaren “jai handia” izatea zen Ereintzakoen helburu nagusia, eta hori ere lortu dutela esan du Noguesek: “Etxean jokatzea, kiroldegia lepo eta denak animatzen zutik ikustea izugarria izan da. Lortutakoa neurri handi batean zaleei zor diegu, beraiek izan baititugu atzetik bultzaka”.
Finala irabazterik ez zuten izan Errenteriakoek, Amenabarrek 25-27 irabazi zuelako, bi luzapenen ondoren. Herenegungoa “amestutako finala” izan da, hala ere, Noguesentzat, “bi talde gipuzkoar, Gipuzkoan jokatzen izan garelako”.

