Bidasoko Gernikako Akordioaren sinatzaileek elkarretaratzea deitu dute bihar arratsalderako
Herenegun Espainiako Auzitegi Gorenak Bateraguneko auzipetuak espetxean mantendu eta zigorrak murrizteko hartutako erabakiaren aurrean, Bidasoko Gernikako Akordioaren sinatzaileek ere Gorenaren erabakia salatu dute, eta “Euskal Herrian abian jarr...
Herenegun Espainiako Auzitegi Gorenak Bateraguneko auzipetuak espetxean mantendu eta zigorrak murrizteko hartutako erabakiaren aurrean, Bidasoko Gernikako Akordioaren sinatzaileek ere Gorenaren erabakia salatu dute, eta “Euskal Herrian abian jarritako prozesuaren kontrako erasoa” dela adierazi dute. Halaber, Espainiako Estatuak onartutako beste zenbait erabaki ere kritikatu dituzte. Batetik, Auzitegi Konstituzionalak euskal preso politikoei zigorra luzatzeko doktrina ontzat ematea. “Erabaki hori ere oso larria da, oinarrizko giza eskubideen aurka egiteaz gain, gatazkaren konponbidearen kontrako erabakia delako”, adierazi du.
Bestetik, Espainiako Auzitegi Nazionalean D3M eta Askatasunaren kontra egiten ari diren epaiketa aipatu dute. Euskal Herriaren kontrako beste prozedura judizialtzat jo dute. Bidasoko Gernikako Akordioaren sinatzaileen iritziz, Euskal Herriko gehiengo zabalak ez ditu ez ulertu ezta onartzen ere horrelako erabakiak, eta are gutxiago egungo testuinguruan: “Benetako bake eta demokraziarako aukera inoiz baino irekiagoa dagoenean”.
Bidasoan zein Oarsoaldean egingo dituzte Gorenaren erabakia salatzeko protestak. Errenterian, gaur, 12:30ean bilduko dira Herriko Enparantzan. Irunen, bihar, Sagardo Egunaren barruan: 17:45etik 18:15era elkartuko dira Urdanibia plazako sarreran (Sargia ondoan). Atzo ere elkarretaratzea egin zuten Errenterian Gernikako sinatzaileek; Oiartzungo ezker abertzaleak ere bat egin zuen.

