Monumentala izango da
Hilaren 18, 19 eta 20an inauguratuko dute San Juan-Etxeandia eremu berria. San Juan goza ezazu goiburupean dozenaka ekitaldiz osatutako programa prestatu dute asteburu horretarako, eta Irungo hamaika elkartek bat egin dute udalak proposaturiko festa handiarekin. Giroa berotzeko Mertxe Tranche historialariak plazari buruzko hitzaldi bat eskainiko du ostegunean. Contar San Juan. Contar Irun (San Juanez hitz egitea. Irunez hitz egitea) goiburupean jardungo du Tranchek hilaren 17an,19:00etan, udaletxeko bilkura aretoan. Hiriko eta plazako historia elkartuko ditu bere ponentzian, eta gauza bera egin zuen Jose Antonio Santano alkateak herenegun, San Juan plazaren inaugurazioko ekintzetan parte hartuko duten taldeetako zenbait ordezkarirekin eginiko aurkezpenean. “Eremu hau elkarbizitzarako, herritarrek gozatzeko pentsatua dago. Hiri bezala zerbait ospatu behar denean hona gatoz, baita tristurak partekatu behar ditugunean ere”, esan zuen alkateak. Santanoren hitzetan, aurkezpenera “agertu diren elkarteetako ordezkariak eta etorri ezin izan direnak, horiek dira agerraldiko protagonistak, eta beraiek izango dira hilaren 18tik 20ra egingo den inaugurazio ekitaldiko protagonistak ere”. Musika eta dantza taldeak, jubilatuen elkarteak, hezkuntza erakundeak… askotariko taldek osatu dute San Juan-Etxeandia eremu berriko abiatze festa. Batzuek egiten dakitena egingo dute, eta beste batzuek zerbait berezia prestatu dute, espreski, hain zita seinalaturako. Hala, Irun Hiria Musika Bandak Irazoki konpositore lesakarra omenduko du, kontzertu berezi batean: “laguntza [...]
Hilaren 18, 19 eta 20an inauguratuko dute San Juan-Etxeandia eremu berria. San Juan goza ezazu goiburupean dozenaka ekitaldiz osatutako programa prestatu dute asteburu horretarako, eta Irungo hamaika elkartek bat egin dute udalak proposaturiko festa handiarekin. Giroa berotzeko Mertxe Tranche historialariak plazari buruzko hitzaldi bat eskainiko du ostegunean.
Contar San Juan. Contar Irun (San Juanez hitz egitea. Irunez hitz egitea) goiburupean jardungo du Tranchek hilaren 17an,19:00etan, udaletxeko bilkura aretoan. Hiriko eta plazako historia elkartuko ditu bere ponentzian, eta gauza bera egin zuen Jose Antonio Santano alkateak herenegun, San Juan plazaren inaugurazioko ekintzetan parte hartuko duten taldeetako zenbait ordezkarirekin eginiko aurkezpenean. “Eremu hau elkarbizitzarako, herritarrek gozatzeko pentsatua dago. Hiri bezala zerbait ospatu behar denean hona gatoz, baita tristurak partekatu behar ditugunean ere”, esan zuen alkateak.
Santanoren hitzetan, aurkezpenera “agertu diren elkarteetako ordezkariak eta etorri ezin izan direnak, horiek dira agerraldiko protagonistak, eta beraiek izango dira hilaren 18tik 20ra egingo den inaugurazio ekitaldiko protagonistak ere”. Musika eta dantza taldeak, jubilatuen elkarteak, hezkuntza erakundeak… askotariko taldek osatu dute San Juan-Etxeandia eremu berriko abiatze festa. Batzuek egiten dakitena egingo dute, eta beste batzuek zerbait berezia prestatu dute, espreski, hain zita seinalaturako.
Hala, Irun Hiria Musika Bandak Irazoki konpositore lesakarra omenduko du, kontzertu berezi batean: “laguntza handia izango dugu, akordeoiak, Ametsa abesbatzarena, Kontserbatorioko trikitixak, udal txistulariak…”, argitu zuen Jose Maria Rastrilla Bandako zuzendariak. Baina hori baino lehenago kalejira erraldoi bat antolatu dute San Migel auzoko Alberto Angera plazatik San Juaneraino. “Kontzertuan gurekin izango direnek parte hartuko dute, abesbatza ezik, eta Santiagoko Buruhandiak eta San Vicente de Paul ikastetxeko majorette-ak ere bat egin dute kalejirarekin”.
Kemen Dantza taldeko jarduna ere berezia izango da, nesken soka-dantza, ostiral arratsaldean. Plazarekin lotura oso zuzena zuen zerbait egin nahi zutela esan zuten Kemenekoek: “garai batean emakumeek garrantzia handia zuten festetan, eta jaien bukaeran beti emakumeen Soka dantza egiten zen”. Leku eta data esanguratsua hautatu dute jaietan emakumeak behar duen lekua aldarrikatzeko.
Hilaren 17ko hitzaldian Mertxe Tranche historialariak gogoratuko duen bezala, San Juan plazak hiriko historiako gertakari garrantzitsu asko bizitu izan ditu, eta San Juan-Etxeandia eremu berria horretarako diseinatuta dago, irundarren gauza handiak bertan izateko. Horregatik, plaza inauguratzeko zer hobe ekitaldi monumentala baino? Hilaren 18, 19 eta 20an izango da, goiz, arratsalde eta gauez.
San Juan-Etxeandia eremu berria inauguratzeko San Juan goza ezazu egitasmoko egitaraua
Hilak 18, ostirala
- 16:30-17:30. Dantzak, Soroxarta Jubilatuen elkartearekin.
- 17:30-18:00. Nesken Soka dantza, Kemenekin.
- 17:30-19:30. Tailerrak eta haurrentzako jolasak, Gaztelekua, ludotekak, kale hezitzaileak eta Betti Gotti elkartearekin.
- 18:00-20:00. Estetika tailerrak, Mendibil Prestakuntza Zentroarekin.
- 18:00-19:15. Kontzertu pedagogikoa, Skola Music-ekin.
- 19:30-20:30. Dantza erakustaldia, Toxic, Ainhoa, Pausoka, Tatiana eta Carlos Zapirain dantza akademiekin.
- 21:00-22:00. Contraband rock taldearen kontzertua.
- 23:00-00:30. Octopus Garden taldearen kontzertua (The Beatles taldearen bertsioak).
Hilak 19, larunbata
- 11:00-12:00. Estetika tailerrak Mendibil zentroarekinekin.
- 11:00-12:00. Bioterraren stand iragarlea, Ficobak jarrita.
- 11:00-12:00. Ekialdeko dantza, Uxoa elkartea eta San Migel auzo elkartearekin.
- 12:00-14:00. Luntxa (patata tortilla eta paella), Artiako auzo elkarteak eta Ola sagardotegiak eskainita.
- 12:00-13:15. Kontserbatorioaren musika eta dantza jaialdia.
- 17:00-19:00. Herri jokoak, Santiagoko Deabruak eta San Vicente de Paul ikastetxearekin.
- 17:00-18:00. Dantzaldia, Dantzakak antolatuta.
- 18:00-18:20. Embrujo Andaluz taldearen flamenco ikuskizuna.
- 18:00-19:00. Komiki tailerra, Pokerface eta Makotai elkarteekin.
- 18:15-19:00. Bandaren kalejira Santiago auzo elkarteko buruhandiekin. Alberto Angera plazatik abiatuta.
- 19:30-21:00. Bandaren eta dantzarien emankizuna.
- 20:00-21:00. Happy hour karrika Nagusiko ostatuetan.
- 23:00-02:00. Disko festa, Diego de Vera DJ-rekin.
Hilak 20, igandea
- Goizean. Salda doan, La Salle elkartean (San Martzial kalea).
- 10:00-14:00. Futbol torneo txikia, Real Unionekin.
- 10:00-14:00. Indoor ziklo eta panka saioak, Sarylen-ekin.
- 11:00-12:00. Ametsa abesbatzaren emanaldia.
- 12:00-14:00. Pintxoak doan Karrika Nagusiko ostatuetan.
- 12:00-14:00. Irun Dastatu-k antolatuta, Bakailao Tortilaren I. Lehiaketa.
- 12:00-14:00. Estetika tailerrak Mendibil zentroarekin.
- 12:00-12:15. Flash Mob-a, Toxic akademiaren eskutik.
- 12:15-14:00. Dantzaldi bermuta, Tatiana eta Carlos Zapirain eskolekin.
- 13:00-14:00. Parcour eta Trialsin ikuskizuna.
- 14:00-14:20. Atzokoak abesbatzaren emanaldia.
Egunero
- Erakusketa. San Juan plazaren historia irudietan, udaletxean. Bisita gidatuak ostiralean (17:00, 18:00 eta 19:00).


