Gorenak espetxe zigorra mantendu die Bateraguneko auzipetuei
Zigorra murriztu arren, espetxean segiko dute Bateragune auziko auzipetuek. Atzo Espainiako Auzitegi Gorenak hartu zuen erabaki hori, eta honako espetxe zigorrak ebatzi zituen bost auzipetuentzat: Errenteria-Oreretako Sonia Jacintorentzat zein Arkaitz Rodriguez eta Miren Zabaletarentzat, seina urteko espetxe zigorra (zortzina urtekoa ezarri zien Auzitegi Nazionalak); eta sei urte eta erdikoa, Arnaldo Otegi eta Rafa Diezentzat (hamarna urtekoa ezarri zien Auzitegi Nazionalak). Zigorrik altuenak izan dituzten Otegi eta Diez, erakunde armatuko zuzendaritzako kidetzat jo zituen Auzitegi Nazionalak, baina Gorenak zuzendaritzako kide ez, erakunde armatuko kidetzat jo ditu. Nolanahi ere, Auzitegi Nazionalaren tesiari jarraitu dio Gorenak ere; alegia, ezker abertzalea bide politiko eta demokratikoen alde lerratzearen alde egin zuten lana ETAren aginduak jarraituz egin zutela. ETAren aginduz Batasuna berregituratzea egotzi die zigortu guztiei. Martxoaren 28tik zeuden Espainiako Auzitegi Gorenaren zain auzipetuak. Ebazpena ez da aho batekoa izan, eta bost magistratuetatik bik boto partikularra eman dute. Alberto Jorge Barreiro magistratuak absoluzioaren alde egin du, Auzitegi Nazionalaren epaian auzipetuen errugabetasun presuntzioaren eskubidea urratu dela arrazoituta. Miguel Colmenero magistratuak ere boto partikularra eman du, baina berak epaia errepikatu beharko litzatekeela ondorioztatu du. Erabaki hori hartzeko arrazoi nagusia, Arnaldo Otegi eta Arkaitz Rodriguezek epaimahaiaren kontra jarritako errekusazioa onartu beharko litzatekeela da, eta Auzitegi Nazionaleko epaimahaiaren inpartzialtasuna zalantzan [...]
Zigorra murriztu arren, espetxean segiko dute Bateragune auziko auzipetuek. Atzo Espainiako Auzitegi Gorenak hartu zuen erabaki hori, eta honako espetxe zigorrak ebatzi zituen bost auzipetuentzat: Errenteria-Oreretako Sonia Jacintorentzat zein Arkaitz Rodriguez eta Miren Zabaletarentzat, seina urteko espetxe zigorra (zortzina urtekoa ezarri zien Auzitegi Nazionalak); eta sei urte eta erdikoa, Arnaldo Otegi eta Rafa Diezentzat (hamarna urtekoa ezarri zien Auzitegi Nazionalak).
Zigorrik altuenak izan dituzten Otegi eta Diez, erakunde armatuko zuzendaritzako kidetzat jo zituen Auzitegi Nazionalak, baina Gorenak zuzendaritzako kide ez, erakunde armatuko kidetzat jo ditu. Nolanahi ere, Auzitegi Nazionalaren tesiari jarraitu dio Gorenak ere; alegia, ezker abertzalea bide politiko eta demokratikoen alde lerratzearen alde egin zuten lana ETAren aginduak jarraituz egin zutela. ETAren aginduz Batasuna berregituratzea egotzi die zigortu guztiei.
Martxoaren 28tik zeuden Espainiako Auzitegi Gorenaren zain auzipetuak. Ebazpena ez da aho batekoa izan, eta bost magistratuetatik bik boto partikularra eman dute. Alberto Jorge Barreiro magistratuak absoluzioaren alde egin du, Auzitegi Nazionalaren epaian auzipetuen errugabetasun presuntzioaren eskubidea urratu dela arrazoituta.
Miguel Colmenero magistratuak ere boto partikularra eman du, baina berak epaia errepikatu beharko litzatekeela ondorioztatu du. Erabaki hori hartzeko arrazoi nagusia, Arnaldo Otegi eta Arkaitz Rodriguezek epaimahaiaren kontra jarritako errekusazioa onartu beharko litzatekeela da, eta Auzitegi Nazionaleko epaimahaiaren inpartzialtasuna zalantzan jar daitekeela iritzi dio.
Espainiako Auzitegi Nazionalak iazko irailaren 17an eman zuen epaia, eta martxoaren 28an aurkeztu zuten helegitea, auzipetu guztien absoluzioa eskatuz. Fiskaltzak zein herri akusazioak Auzitegi Nazionalaren zigorrak berresteko eskatu zuten.
Elkarretaratzea
Auzitegi Gorenaren erabakia salatzeko, gaur, 20:00etan, elkarretaratzea egingo dute Herriko Enparantzan, Prozesuaren aurkako erasorik ez, konponbiderako garaia da lelopean. Gernikako sinatzaileek antolatu dute ekimena.
Gaur egingo duten bezala, behin eta berriro atera dira kalera herritarrak auzipetuak absolbitzeko eskatzera. Hain zuzen, irailean Auzitegi Nazionalak epaia eman zuenean, hurrengo egunean elkarretaratzea egin zuten hainbat herritar eta eragilek. Irailaren 24an, berriz, epaia salatzeko manifestazioa egin zuten milaka lagunek Bilboko kaleetatik.
Udalak ere epaiaren izaera politikoa salatu eta absoluzioa eskatu zuen auzipetu guztientzat, batik bat, Sonia Jacinto herritarrarentzat. 2009ko urriaren 14an atxilotu zuten beste auzipetuekin batera, eta orduz geroztik daude espetxean.

