Emakumeen sarea ehuntzea helburu
Garaipen elkarteak hegoaldeko eta iparraldeko emakume feministen sareak indartzeko asmoz, egitasmoa jarri du abian. Hainbat herritako esperientzia trukaketaren bidez, espazio berriak zabaltzea dute helburu Garaipen elkarteko kideek, eta lehenengo urratsa, hilabete honetan zehar, Errenteria-Oreretan zein Donostian antolatu dituzten hitzaldi eta ikastaroak dira. “Asmoa ez da berria, orain bi urte aurkeztu genuen proiektua aldundian, baina ez zuten onartu. Urtebete beranduago, Donostiako eta Errenteriako udaletan aurkeztu genuen. Biek oniritzia eman diote, eta aurten hasi gara nazioarteko agenda egiten”, azaldu du Marta Berra Garaipen elkarteko kideak. El Salvadorreko emakumeak izango dira esperientzia partekatzera etorriko diren lehenengoak. Aukerak irekiz, erlazioak sakonduz izenburupean hitzaldia emango dute, gaur, 19:00etatik aurrera Xenpelar Etxean: America Romualdo Las Dignas elkarteko kideak eta Ana Cristina Henriquez Emakume Ertamerikarren Elkartekoak. Hitzaldia batez ere emakume feministen taldeetako kideei begirakoa dela nabarmendu du Berrak: “Oreretako talde feministen arteko sarea mantentzeko loturak sortzea da hitzaldiaren helburua. Helburu bera izanik, talde bakoitza gure aldetik gabiltza. Hori aldatzea nahi dugu, eta irtenbidea sarea sortzea litzateke, gauza komunak elkarrekin egiteko”. Esperientzia “berezia” Hilaren 21erako, berriz, topaketa antolatu dute Garaipen elkarteko kideek. Berdintasun Kontseiluak, auzoetako emakumeek eta El Salvadorretik etorritako Henriquez eta Romualdok hartuko dute parte bertan. Azken biek, erakundeekin duten harremanaren berri eta landa eremuetako emakumeekin nola [...]
Garaipen elkarteak hegoaldeko eta iparraldeko emakume feministen sareak indartzeko asmoz, egitasmoa jarri du abian. Hainbat herritako esperientzia trukaketaren bidez, espazio berriak zabaltzea dute helburu Garaipen elkarteko kideek, eta lehenengo urratsa, hilabete honetan zehar, Errenteria-Oreretan zein Donostian antolatu dituzten hitzaldi eta ikastaroak dira.
“Asmoa ez da berria, orain bi urte aurkeztu genuen proiektua aldundian, baina ez zuten onartu. Urtebete beranduago, Donostiako eta Errenteriako udaletan aurkeztu genuen. Biek oniritzia eman diote, eta aurten hasi gara nazioarteko agenda egiten”, azaldu du Marta Berra Garaipen elkarteko kideak.
El Salvadorreko emakumeak izango dira esperientzia partekatzera etorriko diren lehenengoak. Aukerak irekiz, erlazioak sakonduz izenburupean hitzaldia emango dute, gaur, 19:00etatik aurrera Xenpelar Etxean: America Romualdo Las Dignas elkarteko kideak eta Ana Cristina Henriquez Emakume Ertamerikarren Elkartekoak. Hitzaldia batez ere emakume feministen taldeetako kideei begirakoa dela nabarmendu du Berrak: “Oreretako talde feministen arteko sarea mantentzeko loturak sortzea da hitzaldiaren helburua. Helburu bera izanik, talde bakoitza gure aldetik gabiltza. Hori aldatzea nahi dugu, eta irtenbidea sarea sortzea litzateke, gauza komunak elkarrekin egiteko”.
Esperientzia “berezia”
Hilaren 21erako, berriz, topaketa antolatu dute Garaipen elkarteko kideek. Berdintasun Kontseiluak, auzoetako emakumeek eta El Salvadorretik etorritako Henriquez eta Romualdok hartuko dute parte bertan. Azken biek, erakundeekin duten harremanaren berri eta landa eremuetako emakumeekin nola egiten duten lan azalduko dute. Horrekin batera, Errenteria-Oreretako auzoetako emakumeek ere egingo dituzte ekarpenak, beraien esperientziaren berri emango baitute topaketan.
Horren harira, udalerriko emakumeen esperientzia “berezia” dela nabarmendu du Berrak: “Oreretako auzoetako emakumeek urteak daramate elkarlanean gauzak antolatzen, eta Berdintasun Kontseiluan nahikoa koordinatuta daude, gainera. Hori ez da beste herrietan gertatzen, eta horregatik da berezia bertakoa”. Topaketa Merkatuzarren egingo dute 18:30etik aurrera.
Hilaren 22rako eta 23rako, berriz, ekonomia tailerrak antolatu dituzte Xenpelar Etxean, 19:00etatik 21:00etara. Henriquezek, Emakume Ertamerikarren Elkarteko ekonomia eskola feministako koordinatzaileak, emango du ikastaroa eta Latinoamerikako ekonomiari buruz ariko da.
Maiatzerako antolatutako ekimenak amaituta, urrian, Euskal Herriko emakumeak joango dira El Salvador eta Nikaraguara, bertako esperientziak zuzenean ezagutzera.
Gida metodologikoak sortu
Sareak indartu eta eraikitzeaz gain, badu beste helbururik Garaipen elkartearen egitasmoak. Gida metodologikoak sortzea da horietako bat: “Elkartean eztabaida feministarako eskola daukagu, eta egia da teoria asko dagoela, baina ohartu gara gida metodologikoak falta direla. Azken horiek garatzen ari gara, eta El Salvadorretik etorriko diren emakumeek haienak ekarriko dizkigute”.
Beste helburua, sortuko duten sare feminista zabaltzea dela zehaztu du Berrak: “Orain El Salvadorrekin hasi gara lanean, baina aurrerago, Colombia, Afrikako herrialderen batekin edo Indiakoarekin jarraitu nahi dugu”.

