Joseba Azkarraga: “Gutxiagorekin bizitzea exijentzia fisiko bat izango da etorkizunean”
Naturaldiaren barruan, Zarautzen nahiz Errenteria-Oreretan hitzaldia emango du Joseba Azkarraga Soziologian doktoreak eta Mondragon Unibertsitateko irakasleak (Abadiño, 1972), beste bi aditurekin batera: Jose Maria Hernandez eta Leo Argote. Bizi kalitatea mantenduz gutxiagorekin bizitzea posible den aztertuko dute. Zeri buruz hitz egingo duzu? Azaltzen saiatuko naiz zeintzuk diren gure ongizaterako iturri funtsezkoak. Hiru iturri daude. Batetik dago ekoizpen ekonomikoa, elkartruke ekonomiko bidez lortzen duguna, eta BPGk neurtzen duena. Bigarren iturriak dira elkartrukeak, baina diru oinarririk ez dutenak. Hirugarren bat ere badago, ekosistemak, eta hortik lortzen ditugun produktu eta zerbitzuak: ura, oxigenoa, petrolioa… Gure gizarteetan gertatu dena da gehiegi hedatu dela ekoizpen ekonomikoa, eta beste bi iturriak kaltetu dituela. Gizarteak heltzen dira puntu batera, zeinetatik aurrera materialki gauzak hobetzeak ez duen esan nahi ongizatea hobetzen denik. Krisi garai honetan bizi kalitatea okertu dela uler daiteke? Nabarmena da sektore zabal batentzat krisi honek pobretze masibo bat ekarri duela, eta estualdi eta beldur egoera bat. Orduan, bai ikuspegi materialetik zein psikikotik, halako agresio masibo bat ekarri du. Deshazkunde prozesu bat gertatzen ari da sektore zabal batean, baina oso modu desordenatuan: jende asko oso gaizki pasatzen ari den bitartean, luxuaren sektorea %20 hazi da. Hazkunde mugagabearen ideian erabat oinarritzen den gizarte bat deshazkunde prozesuan sartzean [...]
Naturaldiaren barruan, Zarautzen nahiz Errenteria-Oreretan hitzaldia emango du Joseba Azkarraga Soziologian doktoreak eta Mondragon Unibertsitateko irakasleak (Abadiño, 1972), beste bi aditurekin batera: Jose Maria Hernandez eta Leo Argote. Bizi kalitatea mantenduz gutxiagorekin bizitzea posible den aztertuko dute.
Zeri buruz hitz egingo duzu?
Azaltzen saiatuko naiz zeintzuk diren gure ongizaterako iturri funtsezkoak. Hiru iturri daude. Batetik dago ekoizpen ekonomikoa, elkartruke ekonomiko bidez lortzen duguna, eta BPGk neurtzen duena. Bigarren iturriak dira elkartrukeak, baina diru oinarririk ez dutenak. Hirugarren bat ere badago, ekosistemak, eta hortik lortzen ditugun produktu eta zerbitzuak: ura, oxigenoa, petrolioa… Gure gizarteetan gertatu dena da gehiegi hedatu dela ekoizpen ekonomikoa, eta beste bi iturriak kaltetu dituela. Gizarteak heltzen dira puntu batera, zeinetatik aurrera materialki gauzak hobetzeak ez duen esan nahi ongizatea hobetzen denik.
Krisi garai honetan bizi kalitatea okertu dela uler daiteke?
Nabarmena da sektore zabal batentzat krisi honek pobretze masibo bat ekarri duela, eta estualdi eta beldur egoera bat. Orduan, bai ikuspegi materialetik zein psikikotik, halako agresio masibo bat ekarri du. Deshazkunde prozesu bat gertatzen ari da sektore zabal batean, baina oso modu desordenatuan: jende asko oso gaizki pasatzen ari den bitartean, luxuaren sektorea %20 hazi da. Hazkunde mugagabearen ideian erabat oinarritzen den gizarte bat deshazkunde prozesuan sartzean sufrimendua pizten da. Agian arazoa ez da deshazkundea, hazkunde mugagabean oinarritutako gizartea bera baizik.
Garai aproposa al da, aipatu dituzun beste bi puntuak lantzeko, bizi kalitatearen mesedetan?
Bai. Garaia da hazkunde ekonomiko mugagabearen ideia bera zalantzan jartzeko. Krisi garai honetan gure esperantzak daude batez ere hazkunde ekonomikoan jarrita, baina hazkunde ekonomiko mugagabeak ekarri gaitu gauden lekura. Horrez gain, ezberdintasun sozioekonomikoak inoizko handienak izatera ekarri gaitu. Eta baita antsiolitikoen kontsumoa urtero bikoiztera ere; eta ez, orain, krisi garaian, baizik eta hazkunde ekonomiko garaian. Eta hala ere, jarraitzen du guretzat izaten halako helduleku ia magiko bat.
Nork eman behar ditu urratsak hori garatzeko: herritarrek, erakundeek?
Beharko genuena, ziurrenik, paradigma aldaketa bat da. Hau ez da erreforma txikiz egin daitekeen zerbait. Krisi sistemiko baten aurrean gaude, eta kolisio baterantz doa gizadia zuzen-zuzen. Ikuspegi ekonomikotik oso garbia egiten zaigu, baina badaude beste kolisio inportanteago batzuk zerikusia daukatenak ekologiarekin, energiarekin eta klimarekin. Hori guztiari aurre egiteko era guztietako interbentzioak beharko ditugu eskala guztietan: lokaletik nazioartera. Gainera, eragile guztiak sentitu beharko lirateke interpelatuta. Guztien ekintza koordinatuak egin ahal izango dio aurre kontu horri.
Herritarrak kontzientziatuta ikusten al dituzu?
Hedatzen ari da gizartean horren inguruko kontzientzia. Etorkizunean era guztietako eskasia biziko dugu, eta horrek gauzak izugarri aldatuko ditu. Hori ez dago auzitan, exijentzia fisikoa izango da gutxiagorekin bizi beharko dugula etorkizunean. Nik uste dut hortaz jabetzen joan behar garela poliki-poliki. Kontua da gutxiagorekin hobeto bizitzea. Hori da idatzi beharreko gidoi politiko berria. Hortaz jabetzea dagokigu. Zentzu horretan egin beharreko lan edukatibo eta kulturala izugarria da.
Eta erakundeak?
Erakundeetatik hamarkadetan iraunkortasunaren aldetik gauzak egin, egin dira, baina ez dira nahikoak; egindako gauzek ez dute ahalmenik egoera iraultzeko. Orduan ikuspegi horretatik oraindik ez dira benetan jabetu etorkizunari aurre egiteak eskatzen duen paradigma aldaketa zenbaterainokoa den.
Nola imajinatzen duzu etorkizuna?
Etorkizunean ziur gauzak aldatuko direla. Gutxiagorekin bizitzea exijentzia fisiko bat izango da. Gainera, datozen aldaketak neurri handi batean iraultzaileak izango dira. Gizarte industriala oinarritu da egitura erraldoi eta zentralizatuetan. Etorkizunak eskatuko duena da eskala txikiagoko egiturak sortzea eta deszentralizazioa.

