Jai eta lehia zaharrak, bertso berriak
Dagoeneko 30. Lexoti Saria egin dute Haurtzaro Ikastolan. Horrez gain, Eskolarteko Bertsolari Txapelketan ere parte hartuko dute ikastolako hainbat ikaslek. Urteroko usadioari jarraiki, joan den apirilaren 19an, 30. Lexoti Saria ospatu zuten Haurtzaro Ikastolan. Jantoki berriko areto nagusian elkartu ziren, LH Lehen Hezkuntzako hirugarren zikloko eta DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen zikloko ikasleak, bertsolari gazteak entzutera. Jaialdiak bi zati izan zituen, urtero izan ohi den bezala. Lehenengoan Lexoti Sariko bertso-paperak izan ziren protagonista. Horretarako, aurtengo lau irabazleak igo ziren oholtzara, eta beren bertso idatziak kantatu zituzten. Seigarren Mailako Lur Gaztelumendik kantatu zituen lehenik bere bi bertsoak. Eta jarraian, DBHko hiru irabazleen bertsoak entzun zituzten: Jokin Irastorzarenak, Beñat Ibargoienenak eta Paul San Sebastianenak. Azken hiru ikasle horiek gai berbera izan zuten: Zein izango litzateke zure egun perfektua? Hona bertsoen adibide batzuk. Lehena, Jokin Irastorzaren bat: Ametsen bidez aritu ohi naiz beti berari begira ikus litezken irudirikan politenak hauek dira oraindik badu berotasuna oraindik badu distira nahiz joan ez urrutira hona egin nahi du bira agian berak gogoan nauka eta nire bila ari da beraz guk biok bat egiteko eguna nuke desira. Paul San Sebastianena: Konkistatuko nuke neska ederrena nire bihotza azkar lapurtu duena haren muxu bat hartzen izango naiz lehena horixe [...]
Dagoeneko 30. Lexoti Saria egin dute Haurtzaro Ikastolan. Horrez gain, Eskolarteko Bertsolari Txapelketan ere parte hartuko dute ikastolako hainbat ikaslek.
Urteroko usadioari jarraiki, joan den apirilaren 19an, 30. Lexoti Saria ospatu zuten Haurtzaro Ikastolan. Jantoki berriko areto nagusian elkartu ziren, LH Lehen Hezkuntzako hirugarren zikloko eta DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen zikloko ikasleak, bertsolari gazteak entzutera.
Jaialdiak bi zati izan zituen, urtero izan ohi den bezala. Lehenengoan Lexoti Sariko bertso-paperak izan ziren protagonista. Horretarako, aurtengo lau irabazleak igo ziren oholtzara, eta beren bertso idatziak kantatu zituzten. Seigarren Mailako Lur Gaztelumendik kantatu zituen lehenik bere bi bertsoak. Eta jarraian, DBHko hiru irabazleen bertsoak entzun zituzten: Jokin Irastorzarenak, Beñat Ibargoienenak eta Paul San Sebastianenak.
Azken hiru ikasle horiek gai berbera izan zuten: Zein izango litzateke zure egun perfektua? Hona bertsoen adibide batzuk.
Lehena, Jokin Irastorzaren bat:
Ametsen bidez aritu ohi naiz
beti berari begira
ikus litezken irudirikan
politenak hauek dira
oraindik badu berotasuna
oraindik badu distira
nahiz joan ez urrutira
hona egin nahi du bira
agian berak gogoan nauka
eta nire bila ari da
beraz guk biok
bat egiteko eguna nuke desira.
Paul San Sebastianena:
Konkistatuko nuke neska
ederrena
nire bihotza azkar lapurtu
duena
haren muxu bat hartzen izango
naiz lehena
horixe izango da egunik onena.
Eta Beñat Ibargoienen bat:
Galdera horri erantzutea da
nire lehen helburua
zergatik ezin ote da egin jai
abenduaren hirua
urriko hilaren hamabiari
emanez erretirua
hori helduko den itxaropenez
jarria daukat burua
gure herrian gure egunak jai
egiteko ordua.
Bertso-paperen atala amaitu ondoren, Haurtzaro Bertso Eskolakoek bertso antzerkia egin zuten, eta entzuleak harrituta utzi zituzten gazteek, batez ere, ez zelako ohiko bat-bateko saioa izan. Antzerkiaren gidoia ere oso orijinala izan zen, han zeudenen arabera: «Baserri bateko nagusien eta etxabereen arteko gatazka. Nagusiak traktorea erosi nahi du, eta horretarako janaria murriztu behar die etxeko animaliei. Ondorioz, oiloek arrautzarik ez, txerria flakatu, behiak esnerik ez, ardia antzutu…»
Bertso saioa bukatzeko, hasteko bezalaxe, 6. mailakoek agurra eman zuten. Bertso saio osoan zehar, gidaria eta aurkezlea Karmele Mitxelena izan zen, ikastolako bertso eskolako irakasle eta dinamizatzailea, eta bertsolari eta bertso jartzaile ezaguna.
Gipuzkoako eskolartekoa
Bertsotako berriekin jarraituz, Eskolarteko 32. Bersolari Txapelketa hasi dute. Gipuzkoako lehen kanporaketa, berriz, gaur egingo dute Hernaniko Biteri Kultur Etxean.
Ikastolako 50 ikasle izango dira bertan, bertso-paperetan parte hartzen (ez bat-bateko saioan). 15:00etan dute jarrita hitzordua. Lehen Hezkuntzatik 25 ikasle joango dira Hernaniko saiora, eta DBHko Lehenengo Mailatik beste 25.
Gainontzeko kanporaketak datozen hiru ostiraletan izango dira, Orion, Eskoriatzan eta Legazpin hurrenez hurren. Finala, berriz, ekainaren 1ean egingo dute.
Orain, Haurtzaroko ikasleek bertsoak idatzi ondoren, ekainaren leheneko sari banaketaren zain egon behar dute. Bat-bateko saioaren finala eta bertso idatzien sari banaketak orduan izango baitira,Andoaingo Bastero Kulturgunean.