Gabarrari kalea berritu eta bidegorria egitea onartu dute
Iragan osteguneko udalbatzarrean Gabarrari kalea berritzea eta bidegorria egitea onartu zuten zinegotziek. Gainera, Portua auzoa berritzeko lanen hirugarren fasea onartu zuten: Zuloaga eta Itsasargi kaleetan egingo dituzte lan horiek. Gabarrarin, udal...
Iragan osteguneko udalbatzarrean Gabarrari kalea berritzea eta bidegorria egitea onartu zuten zinegotziek. Gainera, Portua auzoa berritzeko lanen hirugarren fasea onartu zuten: Zuloaga eta Itsasargi kaleetan egingo dituzte lan horiek.
Gabarrarin, udalaren eta konpainia pribatuen azpiegiturak berrituko dituzte: lineak lur azpian sartu, zoladurak berritu, aparkalekuak berrantolatu, irteerarik gabeko bideak hobetu eta ibilgailuen trafikoa hobetu. 1,32 milioiko aurrekontuarekin, hemezortzi asteko epea dute lanak egiteko. Talde guztiek aldeko botoa eman zuten, Bilduk izan ezik, abstenitu egin zelako.
Gainera, bidegorriak eraikiko dituzte Gabararri kalea, Txiplao industriagunea eta Harresilanda kalea elkartzeko. Biteriko bidegorriarekin elkartuko dute.
Portuko azkeneko fasea
Portua auzoko hirugarren fasean, Zuloaga eta Itsasargi kaleak berrituko dituzte. Aurrekontua 3,2 milioi eurokoa da, eta bederatzi hilabete iraungo dute. Talde guztiek alde bozkatu zuten, Bilduk izan ezik; abstenitu egin zen.
Labeaga hurbiltzea onartuta
Urko Labeaga herriko presoa hurbiltzea eskatzeko mozioa onartu zuen Udalbatzak. Bilduk aurkeztu zuen mozioa. Labeaga Asturiastik Murtziara eraman dute eta mozioan, gainera, espetxe politika Euskal Herriak bizi duen egoerara egokitzea eskatu dute.
EAJ, Bildu eta H1 alderdiek mozioaren alde bozkatu zuten udalbatzarrean, PSE-EE abstenitu zen, eta PPk aurka bozkatu zuen.