Eskubideak babesteko eskaria egin du Jaizkibel konpainiak
Euskadiko Auzitegi Gorenak apirilaren 24an emandako epaiaren arabera, Jaizkibel konpainiaren ibilbidea aldatzeko Herrizaingo Sailaren erabakia «apetaren» araberakoa dela onartu du. «Sententziak ondorioztatu du ez garela arriskua sortzen dugunak, zen...
Euskadiko Auzitegi Gorenak apirilaren 24an emandako epaiaren arabera, Jaizkibel konpainiaren ibilbidea aldatzeko Herrizaingo Sailaren erabakia «apetaren» araberakoa dela onartu du. «Sententziak ondorioztatu du ez garela arriskua sortzen dugunak, zenbait ikusle baizik», azaldu du Jaizkibelek.
2011ko udan Herrizaingo Sailak Jaizkibel konpainiari entseguetarako eta alardeko ordutegia eta ibilbidea aldarazi zizkionean, errekurtsoa jarri zuten epaitegian, manifestazio eskubidea urratu zietela argudiatuta. «Epaiak argi utzi du arrazoia gurea zela, eta ez Ertzaintzarena edo Hondarribiko Udaltzaingoarena», esan dute konpainiako kideek. Ondorioz, epaiak Jaizkibelen errekurtsoa onartu egin du, «baina horrek ez du Jaizkibel konpainiari egin zaion kaltea ezabatzen. Kaltea egina dago».
Eskubideak babestu
Herrizaingo Sailak Legebiltzarrean adostutakoa bete eta «epaileen erabakiari men» egin behar dio orain. «Jaizkibel konpainiak ez du arriskurik sortzen, ez du segurtasun neurririk behar. Neurri horiek, aterki edo plastiko beltzak zabaltzen dituztenek behar dituzte, haiena baita kontramanifestazioa», argitu dute.
Konpainiak Ertzaintzari eta Hondarribiko Udaltzaingoari eskatu die euren eskubideak babes ditzatela.

