Autobusak atzerapenarekin datoz
Hilaren 14an abiatuko dira hiri autobusen linea berrituak, eguzkia ateratzen bada, hori bai. Bihar hasi behar ziren martxan linea horiek, baina azken hilabeteko etenik gabeko euriak ez du utzi Jenaro Etxeandia inguruko lanak bukatzen. Lan horiek bukatzea ezinbestekoa da zerbitzua abian jartzeko, bertan bat egingo baitute linea guztiek, zerbitzuaren intermodalitatea bermatuz. San Juan-Etxeandia plaza berriko hiritartze lanek dirauten bitartean, Jenaro Etxeandian bide bat prestatu dute autobusentzako soilik, bertan norabidez alda dezaten; bide hori da datozen egunotan asfaltatuko dutena. Gainera, Bixera zegoen lekuan geltoki luze bat egokitu dute; hori izango da linea guztiek partekatuko duten aldageltokia. Aurreko astean Irungo Udaleko Mugikortasun ordezkari Cristina Labordak adierazi bezala, Jenaro Etxeandiako hiritartze lanak bukatuta daude, baina bertako errepidea asfaltatu eta margotu behar dute langileek oraindik. “Bidea prest dago dagoeneko, baina bi egun behar dituzte langileek, euririk gabekoak, errepidea asfaltatu ahal izateko”, argitu zuen Labordak. Esan zuenez, bertatik autobusak soilik pasatuko direnez garrantzitsua da asfaltoa jarri aurretik lurra ondo lehortzea, eta horretarako euririk gabe bi egun behar direla uste dute teknikariek. Eta baldintza hori ez da apirila osoan bete. Eguzkia ateraz gero, hilaren 14an jarriko dituzte martxan lineak. Intermodalitateaz Martxoko ohiko osoko bilkuran onartu zituzten autobus linea berriak, bi hilabetez luzatu ziren negoziazioen ondoren. Leon [...]
Hilaren 14an abiatuko dira hiri autobusen linea berrituak, eguzkia ateratzen bada, hori bai. Bihar hasi behar ziren martxan linea horiek, baina azken hilabeteko etenik gabeko euriak ez du utzi Jenaro Etxeandia inguruko lanak bukatzen. Lan horiek bukatzea ezinbestekoa da zerbitzua abian jartzeko, bertan bat egingo baitute linea guztiek, zerbitzuaren intermodalitatea bermatuz.
San Juan-Etxeandia plaza berriko hiritartze lanek dirauten bitartean, Jenaro Etxeandian bide bat prestatu dute autobusentzako soilik, bertan norabidez alda dezaten; bide hori da datozen egunotan asfaltatuko dutena. Gainera, Bixera zegoen lekuan geltoki luze bat egokitu dute; hori izango da linea guztiek partekatuko duten aldageltokia.
Aurreko astean Irungo Udaleko Mugikortasun ordezkari Cristina Labordak adierazi bezala, Jenaro Etxeandiako hiritartze lanak bukatuta daude, baina bertako errepidea asfaltatu eta margotu behar dute langileek oraindik. “Bidea prest dago dagoeneko, baina bi egun behar dituzte langileek, euririk gabekoak, errepidea asfaltatu ahal izateko”, argitu zuen Labordak. Esan zuenez, bertatik autobusak soilik pasatuko direnez garrantzitsua da asfaltoa jarri aurretik lurra ondo lehortzea, eta horretarako euririk gabe bi egun behar direla uste dute teknikariek. Eta baldintza hori ez da apirila osoan bete. Eguzkia ateraz gero, hilaren 14an jarriko dituzte martxan lineak.
Intermodalitateaz
Martxoko ohiko osoko bilkuran onartu zituzten autobus linea berriak, bi hilabetez luzatu ziren negoziazioen ondoren. Leon Iruretagoiena kalearen peatonalizazioa izan ezik —San Juan plazako lanak bukatzen dituztenean eztabaidatu behar dute gai horri buruz—, alderdi guztiek aho batez onartu zuten garraio publikoaren diseinu berria; eta denak ados jarri ziren linea berrien arrakastarako ezinbestekoa zela herritarrei informazioa behar bezala ematea. Hartara, alderdien eta herritarren eskaerari jaramon eginez, autobus geltokietako informazioa berritu du udalak.
“Intermodalitatea bultzatu nahi izan dugu, horretarako komunikazioa erabiliz”, azaldu zuen zinegotziak. Hala, hiriko 36 markesinetan eta hamasei zutabeetan jarriko dituzten paneletan Irunbus, Ekialdebus eta EuskoTreneko informazioa ageriko da, geltoki bakoitzari dagokiona. “Datorren urtean tarifen bateratzea eta txartel bakarra iritsiko dira, baita Adif eta EuskoTrenerako ere, eta hiritarrak egoera horretara moldatzen joateko informazioa bateratu dugu, hiritarrek geltoki bakoitzean zein intermodalitate aukera dituzten jakin dezaten”, azaldu zuen Labordak.
Komunikaziorako materiala prest dago, baina lineak martxan jarri arte ez dute egungoa ordezkatuko, “herritarren artean nahasketarik ez sortzeko”. Hilaren 13tik 14ra aldatuko dituzte afixak, eta Irunbus eta Ekialdebuseko ordutegiak jasotzen dituzten eskuorriak ere banatuko dituzte hiritarren artean.


