“Handitan sukaldari izan nahi dut”
Jaten duguna garela diote, eta horregatik, ondo jaten txikitatik ikasi behar da. Jaten ezezik, baita janaria prestatzen ere, eta horretan aritu ziren joan den astean Errenteria-Oreretako sei ikastetxetako (Beraun Berri, Gurutzearen Alabak, Langaitz Ikastola, Koldo Mitxelena, Telleri Alde eta Orereta Ikastola) ikasleak Eskola Gastronomi Jardunaldietan. Guztira, ehun ikasle sartu dira Euskaldarrak eta Niessen elkarteetako sukaldeetan. Euskaldarrak elkartean taloak, alkoholik gabeko koktelak, eztia, txokolatea eta trufak prestatzen ikasi dute sukaldari txikiek, eta Niessen elkartean, berriz, odolkiak. Egunero-egunero ikastetxe bat pasatu da elkarteren batetik, eta azken eguna ostirala izan zen. Orereta Ikastolako Lehen Hezkuntzako 5. mailako 22 ikaslek Igor Zalakain sukaldariarekin trufak prestatzen ikasi zuten. Lehenik eta behin, denboraldiko barazki eta fruta jateak eta horiek inguruko baserritarrei erosteak duen garrantziaz ohartarazi zien sukaldariak, “haurrak kontzientziatu eta konturatzeko denetik daukagula egun, baina garrantzia eman behar diogula inguruan eta garaian lurrak ematen digun horri”, azaldu du Naroa Perez Orereta Ikastolako LHko zuzendariak. Hasierako saio teorikoaren ondoren, eskuak janari tartean sartu zituzten. Zalakainek hartu zuen lanik handiena, eta gero, ikasleek apaindu zituzten trufak artoarekin, kokoarekin… Jan aurretik, platerak ongi aurkezteak zein garrantzia duen azaldu zien sukaldariak, eta jaterakoan zer hartu behar den kontuan: itxura, usaina, kontrasteak… Eta azalpenen ostean ahora. Trufa batzuk sobratu zitzaizkien, eta [...]
Jaten duguna garela diote, eta horregatik, ondo jaten txikitatik ikasi behar da. Jaten ezezik, baita janaria prestatzen ere, eta horretan aritu ziren joan den astean Errenteria-Oreretako sei ikastetxetako (Beraun Berri, Gurutzearen Alabak, Langaitz Ikastola, Koldo Mitxelena, Telleri Alde eta Orereta Ikastola) ikasleak Eskola Gastronomi Jardunaldietan. Guztira, ehun ikasle sartu dira Euskaldarrak eta Niessen elkarteetako sukaldeetan.
Euskaldarrak elkartean taloak, alkoholik gabeko koktelak, eztia, txokolatea eta trufak prestatzen ikasi dute sukaldari txikiek, eta Niessen elkartean, berriz, odolkiak.
Egunero-egunero ikastetxe bat pasatu da elkarteren batetik, eta azken eguna ostirala izan zen. Orereta Ikastolako Lehen Hezkuntzako 5. mailako 22 ikaslek Igor Zalakain sukaldariarekin trufak prestatzen ikasi zuten. Lehenik eta behin, denboraldiko barazki eta fruta jateak eta horiek inguruko baserritarrei erosteak duen garrantziaz ohartarazi zien sukaldariak, “haurrak kontzientziatu eta konturatzeko denetik daukagula egun, baina garrantzia eman behar diogula inguruan eta garaian lurrak ematen digun horri”, azaldu du Naroa Perez Orereta Ikastolako LHko zuzendariak.
Hasierako saio teorikoaren ondoren, eskuak janari tartean sartu zituzten. Zalakainek hartu zuen lanik handiena, eta gero, ikasleek apaindu zituzten trufak artoarekin, kokoarekin… Jan aurretik, platerak ongi aurkezteak zein garrantzia duen azaldu zien sukaldariak, eta jaterakoan zer hartu behar den kontuan: itxura, usaina, kontrasteak… Eta azalpenen ostean ahora. Trufa batzuk sobratu zitzaizkien, eta horiek ikastetxera eraman zituzten euren klasekideek ere probatzeko.
“Denak irribarre batekin”
Esperientzia horretatik “oso pozik” atera direla adierazi du Perezek, “denak irribarre batekin”. Horrez gain, Zalakain bera oso pertsona «gertukoa» izan zela gaineratu du, eta giro ona jarri zuela. Era berean, elkarte gastronomikoetako kideen lana nabarmendu du, bere kasuan, Euskaldarrak-ekoena, “beti laguntzeko prest izan direlako”.
Irakasleen ikuspuntutik begiratuta, “esperientzia positiboa” izan dela iritzi dio Perezek: “Ikasleek aukera izan dute sukaldari profesional batekin egoteko eta esperimentatzeko”. Era berean, beste ogibide batzuk ere badaudela ikusi dute, eta “‘handitan sukaldari izan nahi dut’” ere entzun ahal izan zaiola parte hartu duen ikasleren bati. Horrelako emaitzak ikusita, Euskaldarrak eta Niessen elkartekoak animatuta daude. Aurten hirugarrenez egin dute ekimena, eta ikusteko dago datorren urtean ere hala egingo duten. Hirugarren aldi hau, gainera, lehena izan da Niessen elkartearentzat. Ea datorren urtean elkarte gehiago animatzen diren.

