Gaztaño pasealekuari Altxu kalea izena jartzea onartu dute plenoan
Hemendik aurrera Gaztaño pasealekuak izen berria izango du: Altxu kalea. Joan den osteguneko udalbatzarrean aho batez onartu zuten zinegotziek izen berria. Izena aldatzeko ideia Gaztañoko bizilagunengandik dator. Izan ere, askotan kamioilari edota po...
Hemendik aurrera Gaztaño pasealekuak izen berria izango du: Altxu kalea. Joan den osteguneko udalbatzarrean aho batez onartu zuten zinegotziek izen berria.
Izena aldatzeko ideia Gaztañoko bizilagunengandik dator. Izan ere, askotan kamioilari edota postariek auzoarekin nahasten dutela jakinarazi zioten udalari auzoan izandako bilera batean. Auzotarrek Altxu izena jartzea proposatu zuten, eta udalak ontzat eman zuen, gaztañotar horrek “aski merezi zuela” iritzita.
Santi Vicente Altxu Gaztaño auzoko bizilaguna zen, eta 2006an hil zen. Luisma Diez Bilduko zinegotziak azaldu zuenez, “Euskal Herriko gay askapenerako sortzaile eta aitzindarietako bat izan zen, Txintxarri elkarteko kidea eta Gaztaño auzoko jaiak antolatzeko beti prest zegoen”. Horrez gain, herriko memoria historikoa berreskuratzeko “lan handia” egin zuela gogorarazi zuen.
Zortzi puntuko gai zerrendatik eztabaida gehien Errenteriako Ezkerrak aurkeztutako irakaskuntzaren kalitateari buruzkoak sortu zuen, PPren murrizketen harira. Hain zuzen, Jose Manuel Herzog PPko bozeramaileak garrantzia kendu nahi izan zien horiei, mozioaren kontra eginez. EAJ abstenitu egin zen eta gainontzekoek alde bozkatu zuten.
Bestalde, Isaac Palenciak Juan Carlos Merinoren lekukoa hartu zuen PSE-EEn.

