Barietatea inoiz baino handiagoa
Jendea gora eta behera dabil, posturen batek atentzioa eman arte. Orduan geratu, artisauari galdetu, eta baten batek poltsatxoan bilduta eraman du eskulana. Inguruan, berriz, artisauak lan eta lan ari dira euren produktuak kontu handiarekin eginez. Horrela ibili dira azken hiru egunotan XXIV. Euskal Herriko Eskulangintza Azokan, eta atzo ez zen salbuespena izan. Eguerdian hamarnaka eta hamarnaka lagun ari ziren Merkatuzarreko atea zeharkatzen. Hiru egun hauetan, 3.500 lagunek egin dute mugimendu berbera, antolatzaileen arabera. Uste baino gutxiago izan direla onartu dute, batik bat euria etxetik ateratzeko oztopo izan delako. Hala ere, itxaropentsu azaldu dira, beste egun bat dutelako aurretik, gaurkoa. Atea zeharkatu bezain pronto bi kale eta 50 posturekin aurkitzen da bisitaria. Eskuinekotik hasita, seigarren postuan, gitarra egile bat dago, Gorka Urra oiartzuarra. Gaztetatik datorkio gitarrekiko zaletasuna, eta 14 urterekin oparitutako lehen gitarrarekin egin zuen lehen gauza tripak ateratzea izan zen. Halaxe hasi zen, eta Frantzian luthier batekin hainbat urtez ikasi ondoren, orain urtebete bere tailer propioa osatu zuen Pagoaldean, Oiartzunen. Hala, aurtengoa bere lehen aldia du Errenteriako Eskulangintza Azokan. Gustatu zaio, batik bat, “artisauak lanean aritzen direlako, jendeak ikus dezan nola egiten duten lan, eta ziurtatzeko beraiek eginak direla”. Jendearen arreta ere bereganatu du, eta asko zuzentzen zaizkiola dio, ea [...]
Jendea gora eta behera dabil, posturen batek atentzioa eman arte. Orduan geratu, artisauari galdetu, eta baten batek poltsatxoan bilduta eraman du eskulana. Inguruan, berriz, artisauak lan eta lan ari dira euren produktuak kontu handiarekin eginez. Horrela ibili dira azken hiru egunotan XXIV. Euskal Herriko Eskulangintza Azokan, eta atzo ez zen salbuespena izan.
Eguerdian hamarnaka eta hamarnaka lagun ari ziren Merkatuzarreko atea zeharkatzen. Hiru egun hauetan, 3.500 lagunek egin dute mugimendu berbera, antolatzaileen arabera. Uste baino gutxiago izan direla onartu dute, batik bat euria etxetik ateratzeko oztopo izan delako. Hala ere, itxaropentsu azaldu dira, beste egun bat dutelako aurretik, gaurkoa.
Atea zeharkatu bezain pronto bi kale eta 50 posturekin aurkitzen da bisitaria. Eskuinekotik hasita, seigarren postuan, gitarra egile bat dago, Gorka Urra oiartzuarra. Gaztetatik datorkio gitarrekiko zaletasuna, eta 14 urterekin oparitutako lehen gitarrarekin egin zuen lehen gauza tripak ateratzea izan zen. Halaxe hasi zen, eta Frantzian luthier batekin hainbat urtez ikasi ondoren, orain urtebete bere tailer propioa osatu zuen Pagoaldean, Oiartzunen. Hala, aurtengoa bere lehen aldia du Errenteriako Eskulangintza Azokan. Gustatu zaio, batik bat, “artisauak lanean aritzen direlako, jendeak ikus dezan nola egiten duten lan, eta ziurtatzeko beraiek eginak direla”.
Jendearen arreta ere bereganatu du, eta asko zuzentzen zaizkiola dio, ea zein egurrekin egiten dituen, eta bestelako galderak egitera. Erostea, ordea, beste gauza bat da, eta gitarraren kasuan are gehiago. Prezioagatik batik bat: gitarra on bat 1.300 eurogatik eros daitekeela azaldu du. Erosle zuzen gehiegi ez izan arren, harremanak egin dituela esan du.
Pauso batzuk aurrera eginda, txotxongilo eta panpinen postu bat ikus daiteke: Menina talde hondarribiarraren postua. Idoia Seijorekin batera dabil bertan lanean Jonan Basterretxea. Laugarren aldia dute Eskulangintza Azokan, eta erakusleihotzat du Basterretxeak, gerora joaten baizaizkie erostera bezeroak Hondarribian duten tailerrera. Krisia, baina, nabaritu dute, eta horren aurrean, buruari bueltak eman behar dizkiote. Horrela, behatz bakarreko txotxongiloak atera dituzte, prezio erakargarrian, 4 euroan. “Moldatu beharra dago”, esan du.
Ez da horren baikorra, berriz, Laureano Paniagua saskigile andoaindarra. Urte asko daramatza artisau gisa, eta orain lehen bezain erraz ez dela saltzen dio. Saskigintza entretenimendutzat duela azaldu du, “hontatik ezin baita bizi”. Bera ere zahartzen ari dela onartu du, eta azken aldian ez dituela saski asko egiten.
Erakustokiaren beste aldean, baina, denetarik ikus daiteke: batzuk eskuak hutsik dituztela, eta besteak erosketaren batekin. Lehenengo taldekoa da Marian Goenaga azpeitiarra. Lehenengo aldia da azoka bisitatzen duela, eta begira ari dela azaldu du: “Bitxiak gustatzen zaizkit, jaboiak…”. Zerbait erosiko duelakoan da.
Erosketak egiten
Bigarren taldekoa da, berriz, Lourdes Perez. Goenaga ez bezala, Perez behin baino gehiagotan izan da azokan, baina azpeitiarrak bezala, feriaren barietatea nabarmendu du. Hala, aurten gauza berri asko topatu dituela jakinarazi du. Hori amua izan da beretzat, eta bitxi batzuk erosi ditu.
Azokako adibide batzuk besterik ez dira, eta horrelako ehunka errepikatu dira egunotan. Gaur ere hala izatea nahi dute antolatzaileek. Azoka 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:30era dago irekita.



