Bihar kalera ateratzeko deia egin du Oiartzungo ezker abertzaleak
LABek manifestazioa deitu du: 12:00etan aterako da Irungo Mosku plazatik eta bat egiteko eskatu dute
Oiartzungo Ezker Abertzaleak bihar egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu die herritarrei. Bereziki, 12:00etan Irungo Mosku plazatik LABek deitutako manifestazioan parte-hartzera gonbidatu ditu.
Ezker abertzaleak gogorarazi duenez, langileak euren eskubideak aldarrikatzeko eguna da maiatzaren 1a. Eta aurten, inoiz baino beharrezkoagoa da aldarrikapen hori egitea: “Krisi egoera latz batean dator gaurko eguna. Gutxi batzuen diru goseak eta globalizazioak ekonomia mundu mailako merkatu bilakatu duela kontuan harturik, kapitalismoaren krisi horrek mundu osoko ekonomiak gogor jo ditu”.
Ezker abertzaleak nabarmendu duenez, Espainiako eta Frantziako estatuak ere jo ditu krisiak, eta horrek Euskal Herria hondamendira darama. Espainiako egoera «latza» salatu ezker abertzaleak, eta horren aurrean beste eredu bat badagoela: «Justizia sozialean oinarritutako gizarte eredua hain zuzen ere».
Horregatik, kalera ateratzeko deia egin die herritarrei: «Bide honetan denok gara beharrezkoak, ireki diezaiogun atea irtenbideari, ireki diezaiogun atea aldaketari».