Sei metrora arteko olatuak iragarri dituzte biharko eta etzirako
Herrizaingo Sailak alerta laranja ezarri du bihar 18:00etatik aurrera eta etzi goizerako kostaldeko herrietan, sei metrora arteko olatuak iragarri dituztelako. Ostegun arratsalderako indarra galduko dute olatuek, 3,4-4 metrokoak izan arte. Euskalmetek esan duenez, “unerik kritikoenak” ostegun goizaldeko 04:30ak inguruan izango dira, Gipuzkoako kostaldean mareak 4,2 metroko altuera izango duelako, eta horri olatu bortitzak gehitzen bazaizkio, kalteak eragin ditzake kostaldean.
Herritarrei arretaz jokatzeko eskatu diete larrialdi zerbitzuetatik, batez ere kostaldeko herrietan bizi direnei. Horrez gain, itsasoaren egoera bortitzari etengabeko euri jasak gehituko zaizkiela esan du Euskalmetek.