Gutxik estreinatu dute
Errenteria-Oreretan barrena ibiltzen diren autobusek itxura berria dute atzotik. Kanpotik ez da nabari aldaketa, baina bai barrutik. Lurraldebus txartela pasatzeko makinak jarri dituzte, eta atzotik aurrera martxan dira. Jendeak bazekien aldaketaren bat egongo zela hiri barneko autobus zerbitzuan, eta autobus geltokietan horixe zen gai nagusia. Gaia erabili bai, baina txartela ez horrenbeste. Autobusetako gidariek jakinarazi dutenez, ez dira asko animatu txartela erabiltzera, bakarren bat soilik: “Txartela edukita, baten batek probatu du nola funtzionatzen duen ikusteko”, adierazi du Jose Luis Garcia autobus gidariak. Autobusera igotzeko ilaran, berriz, zalantzak ziren nagusi, batik bat helduenen artean, “non eros daiteke txartela? Zenbat balio du?”. Gidariek erantzun behar izan diete galdera horiei, batik bat prezioari eta aldaketei buruzko galderei: “Sistema ia bera da, gauza batzuk baino ez dira aldatzen. Prezioari dagokionez, bonoaren antzera ordaintzen dute”. Bonobusarekin hamar bidaiagatik 5,8 euro ordaintzen dute, eta bidaia arrunta Lurraldebusekin 0,58 euro kostatzen zaie. Txartelik gabe, berriz, 1,10 euro balio du bidaia bakoitzak. Hain zuzen, bonobusa izan da bidaiarien beste kezketako bat. Izan ere, maiatzaren 31tik aurrera, ezingo da erabili, eta horrekin zer egin behar duten galdetu diete: “Guk esaten diegu gastatzeko, baina lasai ibiltzeko denbora soberan daukatela”, esan du Garciak. Bestela, jendea pozik agertu da Lurraldebus txartelarekin, batik [...]
Errenteria-Oreretan barrena ibiltzen diren autobusek itxura berria dute atzotik. Kanpotik ez da nabari aldaketa, baina bai barrutik. Lurraldebus txartela pasatzeko makinak jarri dituzte, eta atzotik aurrera martxan dira. Jendeak bazekien aldaketaren bat egongo zela hiri barneko autobus zerbitzuan, eta autobus geltokietan horixe zen gai nagusia.
Gaia erabili bai, baina txartela ez horrenbeste. Autobusetako gidariek jakinarazi dutenez, ez dira asko animatu txartela erabiltzera, bakarren bat soilik: “Txartela edukita, baten batek probatu du nola funtzionatzen duen ikusteko”, adierazi du Jose Luis Garcia autobus gidariak.
Autobusera igotzeko ilaran, berriz, zalantzak ziren nagusi, batik bat helduenen artean, “non eros daiteke txartela? Zenbat balio du?”. Gidariek erantzun behar izan diete galdera horiei, batik bat prezioari eta aldaketei buruzko galderei: “Sistema ia bera da, gauza batzuk baino ez dira aldatzen. Prezioari dagokionez, bonoaren antzera ordaintzen dute”. Bonobusarekin hamar bidaiagatik 5,8 euro ordaintzen dute, eta bidaia arrunta Lurraldebusekin 0,58 euro kostatzen zaie. Txartelik gabe, berriz, 1,10 euro balio du bidaia bakoitzak.
Hain zuzen, bonobusa izan da bidaiarien beste kezketako bat. Izan ere, maiatzaren 31tik aurrera, ezingo da erabili, eta horrekin zer egin behar duten galdetu diete: “Guk esaten diegu gastatzeko, baina lasai ibiltzeko denbora soberan daukatela”, esan du Garciak.
Bestela, jendea pozik agertu da Lurraldebus txartelarekin, batik bat garraio zerbitzu bakoitzari dagokion txartela erabili beharrean, guztietarako nahikoa izango baitute txartel bera, “horrela ez dituzu horrenbeste gauza eraman behar gainean”, adierazi du Mari Carmen Hernandez herritarrak.
Kritikoak ere izan dira, batik bat bonobus txartela kenduko dutelako: “Gaizki ikusten dut bonobusa kentzea, bonobus batekin hamar pertsona ere pasatu baitaitezke, eta Lurraldebus txartelarekin pertsona bakarra pasatu daiteke. Nire ustez, bi sistemek egon beharko lukete martxan”, iritzi dio Emilia Hernandezek.
Bonobusetik Lurraldebusera
Erabiltzaile horrek, beste hainbatek bezala, oraindik ez dauka txartela, eta laster erosi beharko duela esan du. Begoña Arriagak bezala. Astean behin joaten da Zamalbidetik Erdialdera, eta orain arte, ohiko erabiltzaile gehienek bezala, bonobusarekin ibili arren, Lurraldebus aterako duela azaldu du.
Hain zuzen, bonobusaren erabiltzaileek kontuan izan behar dute apirilaren 30etik aurrera bonobusak saltzeari utziko diotela, eta maiatzaren 31tik aurrera, diru trukean aldatzeko aukera baino ez dutela izango. Hori Herribus enpresaren bulegoetan egin ahal izango da bakarrik. Ordura arte, txartel bakarrak nahiz bonobusek funtzionatuko dute.
Beste batzuek, berriz, dagoeneko badaukate txartel berria. Zumardiko autobus geltokian Oiartzunera eta Hondarribira doazen autobusez gain, hiri barnekoak ere gelditzen dira. Oiartzungo autobusen ohiko erabiltzaileak dira Nekane Iguzkiza eta Maite Gaztelumendi. “Merkeago” ateratzen zaienez, Lurraldebus txartela daukate. Hiri barneko autobusa, ordea, “noizean behin” erabiltzen dute, Oiartzunen bizi direlako. Hala ere, gustura azaldu dira ekimenarekin, eta “noizbait Xorrolan ere [Oiartzungo hiri barneko autobusa] jartzea” espero dutela adierazi dute.
Txartel bereziak
Autobus ilaran sortu den beste zalantza bat txartel bereziekin sortu da. “10 urtetik beherakoek doan izango dutela entzun dut”, izan da Emilia Hernandezekin batera geltokian egon den gizon baten kezka.
Eta hala da, 10 urtez azpiko haurrek doan bidaiatuko dute txartel bakarrarekin. Horrez gain, 10-24 urteko gazteek %20ko hobaria izango dute txartela kargatzerakoan, eta 65 urtetik gorakoek eta %65etik gorako minusbaliotasuna dutenek ere %20ko hobaria izango dute. Bestalde, Oinarrizko Errenta edo Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gizarte Politika Sailak emandako osagarriak dituztenek %100eko hobaria izango dute txartela kargatzerakoan.
Orain, bi hilabeteko epean sistema berrira moldatzen joan beharko dute hiri barneko autobusen erabiltzaileek. Txartela badaukatenek autobus horietan baliatzeko aukera dute dagoeneko, eta gainontzekoek bonobusa gastatu beharko dute, eta nahi izanez gero, txartela erosi. Lurraldebusen ikonoa duten kiosko eta dendetan topatuko dute, 5 euroan.

