Asteazkenera arte eten egin dute Irungo Ogasuneko ustezko iruzurraren gaineko epaiketa
Bertan behera geratu da Irungo Ogasuneko ustezko iruzurraren inguruko epaiketa, asteazkenera arte. Jose Maria Bravo Irungo Ogasuneko zuzendari ohiaren eta Maria Rosa Cobos haren emaztearen defentsen arabera, prozesuan hainbat prozedura akats izan...
Bertan behera geratu da Irungo Ogasuneko ustezko iruzurraren inguruko epaiketa, asteazkenera arte. Jose Maria Bravo Irungo Ogasuneko zuzendari ohiaren eta Maria Rosa Cobos haren emaztearen defentsen arabera, prozesuan hainbat prozedura akats izan dira. Epaileak defentsen helegiteak aztertuko ditu.
Gaur goizean hasi da epaiketa, 09:30ean, Donostiako Lurralde Auzitegian, eta hilabete inguru iraungo duela aurreikusi dute. 80 lekukok parte hartuko dute.
Bravo eta Cobosekin batera, Pedro Maria Atristain Bravoren bazkidea dago auzipetuta. Bravorentzat 24 urteko zigorra eskatu du Fiskaltzak sei delitu egotzita; tartean daude dirua desbideratzea, dirua zuritzea eta iruzur egitea. Foru Aldundiak eta Batzar Nagusiek ez dute onartu Bravok Fiskaltzari proposatutako akordioa.
Cobosentzat, berriz, hamar urte eskatu dituzte, eta urte eta erdiko zigorra Atristainentzat.
Bravori bi milioi euroz jabetu izana leporatzen diote. Ustez, Ogasunarekin zorrak zituzten lagunekin harremanetan jartzen zen, eta ordainarazi egiten zien, baina ondoren diruarekin geratzen zen.