Lonjaren auzian «zentzuz jokatzeko» eskatu dio udalak Portu Agintaritzari
Arrandegi berria eraikitzeko lanen harira ika mika piztu da udala eta Portu Agintaritzaren artean. Pasaiako Udala haserre dago Portu Agintaritzarekin. Ez ditu gustuko azken aldian San Pedroko lonja berriaren gainean hainbat hedabidetan esan dituenak, eta zabaldu duten informazioa gezurtatzeaz gain «manipulazioa» egotzi dio. Era berean, «hedabideetan agertzen diren eraso guztiei erantzungo» dietela iragarri dute. Udalak jarritako trabak tarteko, lonjaren proiektua arriskuan dagoela zabaldu du Portu Agintaritzak, eta herritarrekin eta udalarekin bere garaian adostutako proiektua bertan behera utzi eta lonja «funtzional soilari» ekitea aztertzen ari direla ohartarazi du. Horrez gain, proiektuari alegazioak jartzeko epea astelehenean bukatzen dela iragarri du Portu Agintaritzak, eta epe hori gaindituta, ezohiko administrazio kontseilua deitu, eta proiektua moldatzeari ekingo diola iragarri du. Herritarrekin adostutakoa Udalak, ordea, alegazioetarako epea hilaren 25ean bukatzen dela dio, eta ez hilaren 16an. Portu Agintaritzak alegazioak erregistratu izanaren ezagupenik ez duela dio, eta proiektua oztopatzen ari direnik gezurtatu dute. San Pedroko arrandegi berria eraikitzeko baldintzak Portu Agintaritza berak, udalak, eta herritarrek adostu zituztela gogorarazi du alkateak, proiektuaren gainean bere garaian egin zen parte hartze prozesuan, eta udalak ez dituela bere kabuz agindu nabarmendu du. Bizilagunek herriarekin bat egiten duen lonja bat nahi dutela esan zutela gogorarazi dio udalak Portu Agintaritzari, «zehazki, herriari eragozpenik [...]
Arrandegi berria eraikitzeko lanen harira ika mika piztu da udala eta Portu Agintaritzaren artean.
Pasaiako Udala haserre dago Portu Agintaritzarekin. Ez ditu gustuko azken aldian San Pedroko lonja berriaren gainean hainbat hedabidetan esan dituenak, eta zabaldu duten informazioa gezurtatzeaz gain «manipulazioa» egotzi dio. Era berean, «hedabideetan agertzen diren eraso guztiei erantzungo» dietela iragarri dute.
Udalak jarritako trabak tarteko, lonjaren proiektua arriskuan dagoela zabaldu du Portu Agintaritzak, eta herritarrekin eta udalarekin bere garaian adostutako proiektua bertan behera utzi eta lonja «funtzional soilari» ekitea aztertzen ari direla ohartarazi du.
Horrez gain, proiektuari alegazioak jartzeko epea astelehenean bukatzen dela iragarri du Portu Agintaritzak, eta epe hori gaindituta, ezohiko administrazio kontseilua deitu, eta proiektua moldatzeari ekingo diola iragarri du.
Herritarrekin adostutakoa
Udalak, ordea, alegazioetarako epea hilaren 25ean bukatzen dela dio, eta ez hilaren 16an. Portu Agintaritzak alegazioak erregistratu izanaren ezagupenik ez duela dio, eta proiektua oztopatzen ari direnik gezurtatu dute.
San Pedroko arrandegi berria eraikitzeko baldintzak Portu Agintaritza berak, udalak, eta herritarrek adostu zituztela gogorarazi du alkateak, proiektuaren gainean bere garaian egin zen parte hartze prozesuan, eta udalak ez dituela bere kabuz agindu nabarmendu du.
Bizilagunek herriarekin bat egiten duen lonja bat nahi dutela esan zutela gogorarazi dio udalak Portu Agintaritzari, «zehazki, herriari eragozpenik sortuko ez dion lonja bat».
Portu Agintaritzari eskaerak
Lonjaren harira sortutako ika mika dela eta, gobernu taldeak udala eta herritarrak errespetatzeko eskatu dio Portu Agintaritzari. «Zentzuz jokatzeko» deia egin du, eta «jauntxoen jarrera eroa erabiltzeari utzi, eta prozesu honen hasieran heldutako eraikitze kolektiborako izpirituari» berriro heltzeko eskatu dio.
Herri batzarrak
Bien bitartean udalak herri batzarrak egiten dihardu, herritarrei portuarekin dituen gatazkak zertan diren jakinarazteko. Hurrengo batzarra hilaren 19an da, San Pedroko udal aretoan, 19:30ean.


