Gipuzkoako langabeen plataformak hurrengo urratsak zehaztu ditu
Martxoaren 9an elkartu zen Gipuzkoako langabeen plataforma, eta bertan parte hartu zuen Errenteria-Oreretako langabeen batzarrak. Herriko batzarrarekin batera izan ziren, Azkoitia inguruko, Urnieta inguruko eta Donostialdeko ordezkariak. Batzar bakoitz...
Martxoaren 9an elkartu zen Gipuzkoako langabeen plataforma, eta bertan parte hartu zuen Errenteria-Oreretako langabeen batzarrak. Herriko batzarrarekin batera izan ziren, Azkoitia inguruko, Urnieta inguruko eta Donostialdeko ordezkariak. Batzar bakoitzak egiten dituen jarduerei eta ekintzei buruz hitz egin zuten, eta iritziak partekatu zituzten. Aurrera begira eman beharreko urratsak ere zehaztu zituzten.
Orain arte emandako urratsak positibotzat jo zituzten, eta batzarrek babes gehiago lor dezaketelakoan daude, “eskasa” izan baita deialdiek jasotako erantzuna. Horrenbestez, Euskal Herriko herri eta hiri guztietara ordezkaritza zabaldu behar dutela iritzi diote: “Behingoz ohartu behar dugu langabeok mugitu eta borrokatu ezean jai dugula, ez duela beste inork gure ordez egingo”.
Hurrengo bilera Urnietan egingo dute hilaren 18an, 10:00etan, kultur etxean eta pertsona eta batzar guztiak animatu dituzte bertan parte hartzera.

