Gure Tokik irabazi du XXVII. Gastronomia Erakusketa
Gastromia erakustaldiko sari banaketa
Errenteria-Oreretako Gure Toki elkarteak irabazi du Euskaldarrak elkarteak antolatutako XXVII. Gastronomia erakusketa. Jose Mari Martinez eta Juanmi Astizek prestatutako boletus, mugurdi eta bere tintarekin betetako txipiroiak izan da epaimahaiaren iritziz, platerik onena. Azken horiek gainera, aurkeztutako plateren “kalitatea eta maila onak”, irabazlea aukeratzeko garaian “lan zaila” jarri diela zehaztu dute.
Bigarren saria ere Errenterian gelditu da. Txintxarri elkarteko Candido Astudillok eta Gemma Mariezkurrenak lortu dute. Patata haragi, perretxiko eta pistatxoekin betea eta arto kurruskari saltsarekin lagunduta prestatu zuten bi sukaldariek.
Boletus risotoa idiazabal saski kurruskari gainean, izan da hirugarren plater sariduna. Azken hori, Euskaldarrak elkarteko Ibai Carrerak eta Jose Luis Carrerak prestatu zuten. Laugarren saria berriz, Pasai Donibaneko Itsas Mendi elkarteko Patxi Lizarazuk eta Juan Maria Trecetek lortu zuten. Entsalada epela bakailu xerra eta piper erreekin txorizeroen saltsa gainean sukaldatu zuten pasaiarrek.
Bestalde Kalitate eta prezioaren araberako plater onenaren saria, Oiartzungo Aldeguna elkartearentzat izan da. Eustaki Azpirozek eta Jose Mari Gezalak arraina aukeratu zuten platera prestatzeko garaian. Antxoak ogi txigortuan patata eta baratxuri freskoen muselina gainean sukaldatu zuten oiartzuarrek.
Amaitzeko, plater esanguratsuenaren saria Lezoko Altzate elkarteak jaso du. Koro Fernandez eta Jose Villenak tripakiak konpainian prestatu zituzten.
Euskaldarrak elkarteak joan den larunbatean banatu zituen sariak, gastronomia erakustaldia amaitzeko antolatutako afarian. Antolatzaileek eskerrak eman dizkiete parte hartu duten elkarte gastronomiko guztiei, laguntzaileei eta baita epai mahaian aritu diren sukaldariei ere, Elena Arzak, Hilario Arbelaitz, Luis Irizar eta Bernardo Beltran, besteak beste. Halaber, datorren urtean berriro ere , “eskualdeko elkarte gastronomikoen topagune” izatea eta urtero bezala, parte hartzaileek “lehiaketa honetan maila paregabea” ematea espero dutela nabarmendu zuten antolatzaileek.

