Larunbatean bukatu zen Gipuzkoako Batelen Liga Donibane Lohizunen (Lapurdi) egindako hamaikagarren jardunaldiarekin, eta eskualdeko ontziek marka ezin hobeak lortu dituzte. Izan ere, ligako bost mailetatik hirutan lortu dute garaipena eskualdeko ontziek: Hibaikak bi lehen postu lortu ditu eta Trintxerpe-Illunbek, bat.
Emakumeen Senior Mailan lortu dute Hibaikakoek Gipuzkoako Batelen Ligako lehenengo garaipena, eta mutilen Kadete Mailan bigarrena. Trintxerpe-Illunbekoak berriz, mutilen Gazte Mailan izan dira sailkapen nagusian lehenak.
Gazte Mailan ere ongi
Nesken Gazte Mailako Illunberen batela ere ongi ibili da, eta bigarren sailkatu da azkenik, Orio A ontziaren atzetik. Hibaikako nesken Haur Mailako batela ere bigarrena izan da, eta postu berbera eskuratu du San Pedro A mutilen Gazte Mailako batelak.
Moreen gizonen Senior Mailako ontzia, berriz, hirugarrena izan da bukatu berri den Gipuzkoako Batelen Ligan, Orio A eta Ur Jokoren atzetik.
San Pedro A nesken Gazte Mailako ontziak, azkenik, hirugarren postua eskuratu du.