Lezoko Zero Zabor Taldea aurkeztu dute, filosofia hori aktiboki bultzatzeko
Gaur goizean agerraldia egin dute Lezoko plazan, Lezoko Zero Zabor Taldea aurkezteko, zero zabor filosofiaren alde egiteko. Esan dutenez, hondakinena “guk sortutako arazoa” da, eta “bizi dugun kontsumo ereduak gehiegizko hondakin kopu...
Gaur goizean agerraldia egin dute Lezoko plazan, Lezoko Zero Zabor Taldea aurkezteko, zero zabor filosofiaren alde egiteko. Esan dutenez, hondakinena “guk sortutako arazoa” da, eta “bizi dugun kontsumo ereduak gehiegizko hondakin kopurua pilatzera garamatza”. Hala, Gipuzkoan sortzen diren 400.000 tona hondakinetatik %90 birziklagarria dela nabarmendu dute. Gainera, hondakinen gaikako bilketa eginda %80 birzikla daitekeela argi uzten duten ereduak badaudela jakinarazi dute.
Herritarren artean zero zabor filosofia zabaldu nahi dute, Lezon ere: “Birziklatzearen beharra eta kontsumo orekatu baten kontzientzia zabaldu nahi dugu”. Zero zabor lortzeko hiru pauso eman behar direla: “Prebenitu, berrerabili eta birziklatu”. Gainera, errauste plantek filosofia horretan tokirik ez dutela adierazi dute.
Gaur egungo egoerak “herritarren konpromiso maila handiagoa” behar dutela nabarmendu dute: “Guk sortutako hondakinak guk geuk kudeatu behar ditugu, bakoitza norberaren erantzule izanez”. Horretarako, hondakinen sistema desberdin bat proposatzen dute: atez atekoa. “Gaur egun munduan indarrean dauden sistemen artean, zero zabor filosofiarekin bat egiten duen bakarra da”.
Maiatzera bitartean, zaborren kudeaketan, Gipuzkoan garai erabakigarria izango dela esan dute. Horregatik, herritarrei dei egin diete filosofia hori bultzatzeko, eta parte aktiboa izan daitezen.


