Hamarnaka herritar bildu dira kaleratzeen aurka
Hamarnaka herritar bildu dira kaleratzeen aurka
Hamarnaka herritarrek egin dute bat Stop Deshaucios taldeak deituta, eta 33 talde eta askotariko eragileek gaur arratsalderako kaleratzeen aurka eta Marquez familiarekin elkartasunean deitutako manifestazioarekin. 18:00 abiatu da Beraungo Pablo Sorozabal plazatik eta ibilbide osoan zehar Kutxabanken aurkako oihuak eta etxebizitza eskubidearen aldekoak entzun ahal izan dira.
Orain minutu gutxi amaitu da manifestazioa Herriko Enparantzan. Bertan, Gipuzkoako Stop Deshaucios taldeko Iker Apilanezek hartu du hitza, eta Mari Carmen eta bere familiaren izenean lehenik eta Stop deshaucios kolektiboa zein manifestazioarekin bat egin duten taldeen izenean ondoren ,eskerrak eman dizkie manifestaziora bildu diren herritar guztiei. Errenterian etxebizitzen kaleratzeen arazoa duten pertsonen aurpegia Mari Carmen dela adierazita, herrian beste sei kasu berri aztertzen ari direla gogorarazi du Apilanezek.
Kaleratzeena Gipuzkoako ehundaka familia bizitzen ari diren egoera dela eta hura geldiarazteak “berebiziko garrantzia” duela esanda hiritarrak, “zigorra pairatzen” duten bakarrak izatea ez dutela onartuko gaineratu du Stop Deshaucios kolektiboko kideak: “Hiritar bezala guk dugun ardura ezin dugu alboratu, baino ezin dugu inolaz ere onartu herritarrak izatea zigortutako bakarrak, banketxeek beraien balantzeak puzten jarraitzen duten bitartean eta denok ordaintzen ditugun laguntzak jasotzen jarraitzen duten bitartean”.
Politikariei jarrera aldatzeko eskatu diete
Etxebizitzaren arazoari behin betiko aurre egiteko eskatu die Stop Deshaucios kolektiboak politikariei. Halaber, banketxe eta sustatzaileen “mesederako” izan duten jarrera aldatzeko galdegin diete azken horiei, “etxebizitzaren arazoa berria ez den arren, orain inoiz baino gehiago irtenbide bat exijitzen duelako”.
Rafa Lorentek hartu du hitza ondoren, Oreretako Langabeen Batzordearen izenean. Egoera “jasanezina” dela eta irtenbide bakarra mobilizazioa dela nabarmendu du Lorentek. Errenteria-Oreretako langabeziaren gaineko datuak ere eman ditu: “Urtarrilean 2.927 langabe zeuden herrian; gaur, 3.005 gara eta honek ez du geldituko den itxurarik”. Hilaren 29an kalera atera eta greba orokorrarekin bat egitera deitu ditu Lorentek herritar guztiak, “elkarrekin gizarte hau aldatzeko”, manifestazioan parte hartu duten hamarnaka lagunen txalo zaparrada artean.


