Bildu: “Herritar guztien alde lan egitea da gure interes bakarra”
Bilduk aurreko udalbatzak hartutako erabakia errespetatzen ari dela esan du Niessengo Supermerkatuaren auziaren gainean.
Bilduren “interes bakarra”, Errenteria-Oreretako langile, dendari eta oro har, herritar guztien “interesen alde lan egitea” dela adierazi du koalizioak, atzokoan Errenteriako PSE-EEk egindako agerraldiari erantzunez. Niessengo supermerkatuaren gainean, 2009ko martxoaren 27an Errenteriako Udalak aho batez onartutako erabakiarekiko “koherentziaz” jokatzen ari dela esan du Bilduk, eta bide hori aukeratu zutenek orain “irtetea” zergatik erabaki duten azaldu beharko dutela gaineratu du.
Aurreko udalbatzak hartutako erabakiak, supermerkatu berria jartzekotan, kaleratua izan zen Sabecoko plantilla osoa subrogatzeko klausula bat ezartzeko, eta Gipuzkoa Mailako Elikadurako Komertzio eta Industria Hitzarmen kolektiboa errespetatzeko eskatzen zion Murias Center 4ri. Supermerkatu berriaren irekiera “pozez” hartuko duela eta langile zein dendarientzat baldintzarik onenak betetzearen alde lanean jarraituko duela azaldu du, bestalde.
Prentsa oharrean, Unai Unsuain Errenteriako Udaleko Gaztedia zinegotziari elkartasuna adierazi dio Bilduk eta PSE-EEren jarrera arbuiatu, “bere izena hain modu gaiztoan erabiltzeagatik”.

