Sei kaleratze kasu berri aztertzen ari da Stop Deshaucios taldea herrian
Marquez familiaren kasuarekin batera, beste sei kaleratze aztertzen ari da Gipuzkoako Stop Deshaucios taldea udalerrian. Mari Carmen Marquez eta haren sendiari elkartasuna adierazteko herenegun egindako agerraldian eman zuten datu horren berri, Xabi Soto Stop Deshaucios taldeko kideak, eta Xabier Gartzia Oarsoko Babes Taldeko kideak. “Ziurrenik, Mari Carmenek bere kasua publikoki azaltzean izan duen adoreagatik, berea bezalako egoera latza bizitzen ari diren beste pertsona batzuei kalera ateratzeko indarra eman die”, esan zuen Sotok. Halaber, halako egoeran daudenak, euren burua erruduntzat jotzetik, “biktima sentitzera” pasatu direla gaineratu zuen Stop Deshaucios taldeko kideak, “etxebizitza, eskubide bat izan beharrean, merkantzia izatea baimendu eta bultzatu duen sistema baten biktima direlako”. Manifestazio deialdia Agerraldi horretan, Marquez familiari elkartasuna adierazteko eta kaleratzeak salatzeko biharko deitu duten manifestazioaren berri eman zuen. Beraun auzoko Pablo Sorozabal plazan hasiko da manifestazioa, 18:00etan, eta herriko kaleak zeharkatuko ditu Herriko Enparantzan amaitzeko. Guztira, 33 talde eta eragilek egin dute bat manifestazio deialdiarekin: “Alderdi politiko, sindikatu, auzo elkarte, eta askotariko eragileek babestu dute deialdia, eta bihar, egungo legedian aldaketa sakonak egiteko, eta etxebizitza duin bat bermatuko duen eredu berri bat exijituko dugu”. Halaber, kaleratzeen arazoari irtenbidea emateko erabakiak banketxeen esku uztea ez dutela onartuko esan zuten Sotok eta Gartziak. Lortutako babesarengatik, biharkoa, manifestazio [...]
Marquez familiaren kasuarekin batera, beste sei kaleratze aztertzen ari da Gipuzkoako Stop Deshaucios taldea udalerrian. Mari Carmen Marquez eta haren sendiari elkartasuna adierazteko herenegun egindako agerraldian eman zuten datu horren berri, Xabi Soto Stop Deshaucios taldeko kideak, eta Xabier Gartzia Oarsoko Babes Taldeko kideak.
“Ziurrenik, Mari Carmenek bere kasua publikoki azaltzean izan duen adoreagatik, berea bezalako egoera latza bizitzen ari diren beste pertsona batzuei kalera ateratzeko indarra eman die”, esan zuen Sotok. Halaber, halako egoeran daudenak, euren burua erruduntzat jotzetik, “biktima sentitzera” pasatu direla gaineratu zuen Stop Deshaucios taldeko kideak, “etxebizitza, eskubide bat izan beharrean, merkantzia izatea baimendu eta bultzatu duen sistema baten biktima direlako”.
Manifestazio deialdia
Agerraldi horretan, Marquez familiari elkartasuna adierazteko eta kaleratzeak salatzeko biharko deitu duten manifestazioaren berri eman zuen. Beraun auzoko Pablo Sorozabal plazan hasiko da manifestazioa, 18:00etan, eta herriko kaleak zeharkatuko ditu Herriko Enparantzan amaitzeko.
Guztira, 33 talde eta eragilek egin dute bat manifestazio deialdiarekin: “Alderdi politiko, sindikatu, auzo elkarte, eta askotariko eragileek babestu dute deialdia, eta bihar, egungo legedian aldaketa sakonak egiteko, eta etxebizitza duin bat bermatuko duen eredu berri bat exijituko dugu”.
Halaber, kaleratzeen arazoari irtenbidea emateko erabakiak banketxeen esku uztea ez dutela onartuko esan zuten Sotok eta Gartziak.
Lortutako babesarengatik, biharkoa, manifestazio “handia” izango dela aurreikusi dute antolatzaileek, eta deia luzatu diete herritarrei mobilizazioarekin bat egiteko.
2.510 elkartasun sinadura
Agerraldia amaituta, azken egunotan Marquez familiari elkartasuna adierazteko bildu dituzten 2.510 sinadura eskura eman zizkioten Beraungo Kutxako bulegoko arduradun bati: “Kutxabankeko zuzendariari helarazteko eskatu diogu bertako arduradunari, jakin dezan Marquez familiak herri honetako askotariko talde, eragile zein norbanakoen babesa daukala”.
Ertzainen presentzia izan zuten agerraldian. Stop Deshaucios eta Oarsoko Babes Taldeko kidea sinadurak ematera Kutxako bulegora sartu zirenean azaldu ziren. Agerraldian parte hartu zuten hiru lagun identifikatu ostean alde egin zuten.
Manifestazioarekin bat egin duten talde eta kolektiboak:
- Ezker Anitza
- Ezker abertzalea
- Antikapitalistak
- Gorripide
- EA
- PSE-EE
- Bildu
- LAB
- ESK
- CGT
- CCOO
- ELA
- COBAS
- Agustinak, Laguntasuna, Gaztaño, Fanderia, Beraun, Erdialde eta Galtzarabordako bizilagun elkarteak
- Gipuzkoako Stop Desahucios
- Errenteria-Oreretako Langabeen Batzarra
- Zintzilik Irratia
- Mikelazulo elkartea
- Euskal Herrian Euskaraz
- AEK
- Gazte Independentistak
- Gipuzkoako DRY
- Kepasakonlakasa
- Asamblea por una vivienda digna
- Amalatz
- Bilgune Feminista
- Oreretako gaztetxea