Giro ona Mañontzik antolatutako bertso saioan
Bertso saio arrakastatsua antolatu zuen pasa den larunbatean Mañontzi bertso eskolak, Aitor Sarriegi, Jon Maia, Anjel Mari Peñagarikano eta Aitor Mendiluze bertsolariekin. Gezala Auditoriuma guztiz bete ez bazuten ere, itxura txukuna izan zuen aretoa...
Bertso saio arrakastatsua antolatu zuen pasa den larunbatean Mañontzi bertso eskolak, Aitor Sarriegi, Jon Maia, Anjel Mari Peñagarikano eta Aitor Mendiluze bertsolariekin. Gezala Auditoriuma guztiz bete ez bazuten ere, itxura txukuna izan zuen aretoak.
Mañontzikoek hainbat sorpresa prestatu zituzten bertso saiorako. Hala, gai jartzaileak bertso eskolako bi kide izan ziren. Horrez gain, ohiko baliabideak aldatu zituzten.
Hasierako agurraren garaian, bertsolariek eta publikoak euren rolak aldatu zituzten: ikusle batzuk oholtza gainera igo ziren eta agurra abestu zieten. Beroa girotzen hasteko balio izan zuen horrek. Horrez gain, Lezoko Hitzak izeneko atalaz gozatzeko aukera izan zuten. Herriko bertsolariek garai batean erabiltzen zituzten hitzak asmatu behar zituzten. Erromatar zirkuan bezala, ikusleek eman zuten oniritzia, txistu edo txalo eginez. Asmatzen ez zutenei prendak jarri zizkieten. Ikus-entzunezkoen bitartez ere jarri zituzten gaiak.
Mañontzi bertso eskolak adierazi duenez, “oso pozik” daude saioarekin, eta datorren urtean aurtengoa “hobetzeko” ilusioarekin daudela jakinarazi du.
ETB ere izan zen bertan, eta larunbatean ikus daiteke saioa, Hitzetik Hortzera-n, 15:00etatik aurrera.

