«Ziur gaude gauza berriak aterako direla, eta lanerako ez, gozatzeko elkartuko gara»
Ane Badiola eta Oihane Uitzi: Oiartzungo gazteak. Gazteen arteko harremanak sustatu, koadrilak euren artean ezagutu, eta gazteen gustuko aisialdi eskaintza prestatu. Amua bota dute hainbat gaztek. Gainontzeko gazteek egin behar diote kosk orain. Adin eta koadrila ezberdinetako hainbat gazte elkartu dira Oiartzunen, gazteen arteko harremanik ez dagoelako kezkatuta. Gazteen mugimendu bat sortu nahi dute, harremanak egiteko, eta aisialdi eskaintza zabaltzeko. Lehen urratsa egin dute: etzirako poteoa eta afaria antolatu dituzte, lehen kontaktu gisa. Euren kezka bakarrik ez dela argi dute, eta lehen kontaktu horretatik hainbat gauza aterako direla uste dute. Hala azaldu dute Ane Badiolak (Oiartzun, 1989) eta Oihane Uitzik (Oiartzun, 1992). ‘Oiartzungo gaztian ordua iritsi da!’ diozue, eta ‘Gaztiak bagatoz!’ lehen hitzordua jarri duzue etzirako. Oihane Uitzi: Bai, aldaketarako ordua dela uste dugu. Gazteen arteko harremanik ez dago ia, eta kohesioa bilatu nahi dugu. Ane Badiola: Gazteak lokaletan daude batzuk, eta tabernetan beste batzuk. Ez dugu horren aurka ezer, baina ateratzea ere nahi dugu, eta denok elkar ezagutzea. Uitzi: Hori da, harremanak sortu nahi ditugu gazteen artean. Badiola: Herri txikia da, ia denak ezagutzen gara, baina ez dugu elkar agurtzen ere askotan. Adibide bat: autobusean igo eta nahiago dugu ezezagun baten ondoan eseri, Oiartzungo gazte bat ikusita ere. Uitzi: Gainera, [...]
Ane Badiola eta Oihane Uitzi: Oiartzungo gazteak.
Gazteen arteko harremanak sustatu, koadrilak euren artean ezagutu, eta gazteen gustuko aisialdi eskaintza prestatu. Amua bota dute hainbat gaztek. Gainontzeko gazteek egin behar diote kosk orain.
Adin eta koadrila ezberdinetako hainbat gazte elkartu dira Oiartzunen, gazteen arteko harremanik ez dagoelako kezkatuta. Gazteen mugimendu bat sortu nahi dute, harremanak egiteko, eta aisialdi eskaintza zabaltzeko. Lehen urratsa egin dute: etzirako poteoa eta afaria antolatu dituzte, lehen kontaktu gisa. Euren kezka bakarrik ez dela argi dute, eta lehen kontaktu horretatik hainbat gauza aterako direla uste dute. Hala azaldu dute Ane Badiolak (Oiartzun, 1989) eta Oihane Uitzik (Oiartzun, 1992).
‘Oiartzungo gaztian ordua iritsi da!’ diozue, eta ‘Gaztiak bagatoz!’ lehen hitzordua jarri duzue etzirako.
Oihane Uitzi: Bai, aldaketarako ordua dela uste dugu. Gazteen arteko harremanik ez dago ia, eta kohesioa bilatu nahi dugu.
Ane Badiola: Gazteak lokaletan daude batzuk, eta tabernetan beste batzuk. Ez dugu horren aurka ezer, baina ateratzea ere nahi dugu, eta denok elkar ezagutzea.
Uitzi: Hori da, harremanak sortu nahi ditugu gazteen artean.
Badiola: Herri txikia da, ia denak ezagutzen gara, baina ez dugu elkar agurtzen ere askotan. Adibide bat: autobusean igo eta nahiago dugu ezezagun baten ondoan eseri, Oiartzungo gazte bat ikusita ere.
Uitzi: Gainera, iruditzen zaigu teknologia berriekin indibidualistago bihurtzen ari garela. Askotan, sarean kaso egiten diogu elkarri, eta kalean ez.
Eta hori aldatzeko martxan jarri zarete...
Badiola: Bai, mugimendu bat hasteko, komunikatzeko.
Nola hasi zineten ideiari forma ematen?
Badiola: Nik eta lagunek kezka hori genuen. Eta beste koadrila batzuetako zenbaitek ere bai. Lehen bileratxo bat egin genuen Kataxulo Gaztetxian, toki fisiko bat jartzeagatik, hamar-hamabi ginen. Herriko koadrilen zerrenda antzeko bat egin genuen.
Uitzi: Guztiengana ez genuen jo, ezinezkoa delako, baina gure kezkak ote zituzten jakiteko galdera batzuk egin genizkien.
Badiola: Ohartu ginen kezka orokorra zela.
Eta lehen ekimena antolatzea erabaki zenuten.
Badiola: Lehenengo kontaktua-edo egiteko egun bat.
Uitzi: Bai, ideia zabaltzeko, ez gure artean geratzeko.
Badiola: Esango genuke hasierako motorea edo izan litekeela larunbata. Ideia konpartitu nahi dugu eta hortik zer ateratzen den ikusi.
Uitzi: Ziur gaude gauza berriak aterako direla, eta lanerako ez, gozatzeko elkartuko gara.
Nork parte har dezake?
Badiola: Haurrek ludoteka dute, gaztetxoek Gazte Forua, eta helduek beste hainbat gauza. Hau gazteok dugun hutsunea betetzeko ekimena izango da.
Uitzi: 16 urtetik gorakoek parte har dezakete.
Badiola: Hori da, hortik gora, gazte sentitzen direnek.
Uitzi: Etzirako 120 pertsonako muga jarri dugu, toki gehiago ez dagoelako. Badiola: Baina parte hartzeko aukera edonork du, ekimen guztiz irekia da. Ez dago antolatzaile talde bat atzean eta aurrera egitea espero dugu.
Gazteek animatu behar dute, beraz…
Badiola: Guk, esaterako, denbora gutxian jende asko ezagutu dugu, koadrila eta adin ezberdinetakoa.
Uitzi: Giro polita sortu da gure artean, eta besteen artean ere zabaldu nahi dugu. Jendea gogoz dago.
Badiola: Gazteen kohesioa lortu nahi genuke, aisialdi alternatiba bat, eta gauza berriak egin.
Uitzi: Puntualak izan litezke batzuk, denboraldi batekoak besteak… Betiko gauzetatik harago. Ez norbaitek antolatu eta guk parte hartzea. Guk guretzako gauzak antolatzea baizik.
Badiola: Bai, animatu behar dute, oso aukera ona da eta. Sinistuta gaude egoera alda daitekeela.
‘Gaztiak bagatoz!’
Etziko egitaraua
- Poteo berezia. 20:00etan Makutxo tabernatik aterata.
- Afaria. 21:30ean Kataxulo Gaztetxian, kupelarekin.
- Ondoren. Ekimenaren aurkezpena (antzerki eta bideo labur bat), jolasak eta karaokea. Musika eta oiartzuar arteko giroa.
Afariko txartelak
- Tokiak.Sorgin, Amazkar eta Makutxo tabernetan.
- Prezioa. Bost euro.
- Epea.Gaur azken eguna.
Bloga ere jarri dute martxan.