Epaiketaren harira, Joseba Agudo absolbitzeko eskatu du Eleak mugimenduak
Bihar hasiko da Espainiako Auzitegi Nazionalean, Madrilen, Joseba Agudo abokatu oreretarraren kontrako epaiketa. 2009ko urrian atxilotu zuten Hendaian, eta Alacanteko espetxean (Herrialde Katalanak) egon da orain arte, epaiketaren zain. Horren harira, Eleak eskubide zibil eta politikoen aldeko mugimenduak Agudoren absoluzioa eta epaiketa politiko guztien amaiera eskatu du, duela hilabete gazte auzipetuekin egin bezala. Hain zuzen, bi eskaera nagusi horiek egiteko, biharko elkarretaratzea antolatu du Eleak-ek, 20:00etan, Niessen merkataritza zentroaren atarian, eta herritar guztiei parte hartzeko deia luzatu die. Eleak-en iritziz, “onartezinak” dira “Euskal Herriaren aurkako gehiegikeria” horiek egungo egoera politikoan. “Benetako bake agertoki eta irtenbide demokratikorako urratsak” eman behar direla adierazi du, “legez kanpo uztearen ondorioz, egun kartzelan edota auzibidean dauden ehunka pertsonekin batera”. Epaitegietatik datozen zenbait erabaki, ordea, “bide horren aurkako logikan” daudela adierazi du, eta “justiziaren izenean, injustizia” egiten dutela. “Eskubideen aldeko harresia” Ildo horretatik, eskubide guztien aldeko harresia beharrezkotzat jo du mugimenduak, eta urraketen aurrean “herri gisa” erantzungo duela esan du, Eskubide guztiak guztiontzat lelopean. Estatuen aldeko interferentziarik ez duela onartuko ere adierazi du. Mugimenduaren esanetan, Euskal Herrian pertsonak jarduera politikoan, “eta kasu honetan jarduera juridikoan aritzeagatik soilik” atxilotu eta epaitzen dituzte: “Tamalez, Agudorena ez da bakarra: Gipuzkoan, esaterako, 111 lagun dira”. Abokatua “bere abokatu lana duintasunez [...]
Bihar hasiko da Espainiako Auzitegi Nazionalean, Madrilen, Joseba Agudo abokatu oreretarraren kontrako epaiketa. 2009ko urrian atxilotu zuten Hendaian, eta Alacanteko espetxean (Herrialde Katalanak) egon da orain arte, epaiketaren zain.
Horren harira, Eleak eskubide zibil eta politikoen aldeko mugimenduak Agudoren absoluzioa eta epaiketa politiko guztien amaiera eskatu du, duela hilabete gazte auzipetuekin egin bezala.
Hain zuzen, bi eskaera nagusi horiek egiteko, biharko elkarretaratzea antolatu du Eleak-ek, 20:00etan, Niessen merkataritza zentroaren atarian, eta herritar guztiei parte hartzeko deia luzatu die.
Eleak-en iritziz, “onartezinak” dira “Euskal Herriaren aurkako gehiegikeria” horiek egungo egoera politikoan. “Benetako bake agertoki eta irtenbide demokratikorako urratsak” eman behar direla adierazi du, “legez kanpo uztearen ondorioz, egun kartzelan edota auzibidean dauden ehunka pertsonekin batera”. Epaitegietatik datozen zenbait erabaki, ordea, “bide horren aurkako logikan” daudela adierazi du, eta “justiziaren izenean, injustizia” egiten dutela.
“Eskubideen aldeko harresia”
Ildo horretatik, eskubide guztien aldeko harresia beharrezkotzat jo du mugimenduak, eta urraketen aurrean “herri gisa” erantzungo duela esan du, Eskubide guztiak guztiontzat lelopean. Estatuen aldeko interferentziarik ez duela onartuko ere adierazi du.
Mugimenduaren esanetan, Euskal Herrian pertsonak jarduera politikoan, “eta kasu honetan jarduera juridikoan aritzeagatik soilik” atxilotu eta epaitzen dituzte: “Tamalez, Agudorena ez da bakarra: Gipuzkoan, esaterako, 111 lagun dira”.
Abokatua “bere abokatu lana duintasunez betetzeagatik” epaituko dutela iritzi dio Eleakek. Hala, gogorarazi du zortzi urtez egin zuela lan Latinoamerikan, Afrikan eta Europako hainbat herrialdetan “euskal deportatu eta errefuxiatuen defentsan”.
Agudo 2009ko urrian atxilotu zuen Hendaian Frantziako poliziak, Fernando Grande-Marlaska Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz. “Iheslarien eta ETAko zuzendaritzaren artean zubi lanak” egitea leporatu zioten. Eleak mugimenduak gogorarazi duenez, nahasia izan zen Agudoren atxiloketa. Espainiako Irrati-Telebistak egun horretako goizean jakinarazi zuen atxilotu zutela, nahiz eta iluntzera arte ez zuten atxilotu.
Goizean hasi eta iluntzera arte abokatuaren bulegoa miatu zuten guardia zibilek Oiartzunen, eta bulegoko ordenagailuak eta informatika euskarriak eraman zituzten. Geroago atxilotu zuten abokatua, Hendaian.
Atxilotu bezain laster Espainiaratzeko agindua eman zuen epaileak, eta 2010eko otsailean onartu zuen euroagindua Paueko Auzitegiak. Urte horretako apirilaren 1ean Espainiaratu zuten, eta orduz geroztik egon da Alacanteko espetxean euskal preso eta iheslarien abokatua.