Abstentzioak balioko du
Pasaiako Udalak 2012ko udal aurrekontuak onartuko ditu gaurko ezohiko osoko bilkuran, Bilduk eta Ezker Anitzak adostutako akordioari esker. Udal gobernuak Pasaiako Ezkerra udal taldeak proposatuttako zenbait aldaketa jasoko ditu testuan, eta Xabier Pombo taldeko zinegotzi bakarra abstenitu egingo da bozketan, aurrekontuen onarpena baimenduz. Bilkura 19:30ean hasiko da. Amaia Agirregabiria Pasaiako alkatea oso pozik agertu da akordioarekin: “Orain arte 2010eko kontuekin aritu gara —iaz luzatu behar izan zituzten—, eta nik uste dut Pasaiak merezi zituela; bizi dugun egoeran ez du ezer laguntzen aurrekonturik ez izateak”. Bere esanetan, “zuhurtziaz” prestatutako agiria da, “egungo egoeran ezin delako magiarik egin”. Baina gogoratu du Pasaia inoiz ez dela “ondoegi” egon, eta egungo gobernuak “nolabaiteko austeritatearen kultura” jaso duela, eta hori aurrekontuak prestatzen lagungarria izan dutela. Pasaiako Ezkerrarekin hitzartutakoaz, Agirregabiriak onartu du udal gobernuaren “orain arteko lehen negoziazio serioa” izan dela. “Proposatu dizkigutenak ez dira zentzugabekeriak, azken finean bi alderdiek bide beretik gatoz, ezkerretik”, esan du alkateak, eta adierazi du etorkizunean Pasaiako Ezkerrarekin ez duela akordio gehiago baztertzen: “Ate bat ireki da elkarlanerako”. Pasaiako Ezkerra da Bilduren gobernuarekin elkartu den talde bakarra. “Gainontzekoek emendakin suntsitzaileak aurkeztu dituzte”, esan du Agirregabiriak. Abstentzioarekin, aurrera Pasaiako Ezkerrako zinegotzi Xabier Pombok aurreratu du gaurko bozketan abstenitu egingo dela; eta horrela, [...]
Pasaiako Udalak 2012ko udal aurrekontuak onartuko ditu gaurko ezohiko osoko bilkuran, Bilduk eta Ezker Anitzak adostutako akordioari esker. Udal gobernuak Pasaiako Ezkerra udal taldeak proposatuttako zenbait aldaketa jasoko ditu testuan, eta Xabier Pombo taldeko zinegotzi bakarra abstenitu egingo da bozketan, aurrekontuen onarpena baimenduz. Bilkura 19:30ean hasiko da.
Amaia Agirregabiria Pasaiako alkatea oso pozik agertu da akordioarekin: “Orain arte 2010eko kontuekin aritu gara —iaz luzatu behar izan zituzten—, eta nik uste dut Pasaiak merezi zituela; bizi dugun egoeran ez du ezer laguntzen aurrekonturik ez izateak”. Bere esanetan, “zuhurtziaz” prestatutako agiria da, “egungo egoeran ezin delako magiarik egin”. Baina gogoratu du Pasaia inoiz ez dela “ondoegi” egon, eta egungo gobernuak “nolabaiteko austeritatearen kultura” jaso duela, eta hori aurrekontuak prestatzen lagungarria izan dutela.
Pasaiako Ezkerrarekin hitzartutakoaz, Agirregabiriak onartu du udal gobernuaren “orain arteko lehen negoziazio serioa” izan dela. “Proposatu dizkigutenak ez dira zentzugabekeriak, azken finean bi alderdiek bide beretik gatoz, ezkerretik”, esan du alkateak, eta adierazi du etorkizunean Pasaiako Ezkerrarekin ez duela akordio gehiago baztertzen: “Ate bat ireki da elkarlanerako”.
Pasaiako Ezkerra da Bilduren gobernuarekin elkartu den talde bakarra. “Gainontzekoek emendakin suntsitzaileak aurkeztu dituzte”, esan du Agirregabiriak.
Abstentzioarekin, aurrera
Pasaiako Ezkerrako zinegotzi Xabier Pombok aurreratu du gaurko bozketan abstenitu egingo dela; eta horrela, Bilduk gehiengoz onartu ahal izango ditu 2012rako udal aurrekontuak. “2012ko kontuak ez dira gureak, baina Pasaiako Ezkerraren zenbait eskaera jasoko dituzte”, argitu du. Besteak beste, Karmengo Aman Bigarren Hezkuntza eskaintzeko oinarrizko proiektu bat prestatzeko partida bat adostu dutela baieztatu du: “Pasaian Bigarren Hezkuntza publikoa izateko urrats bat da”.
Bestela, kirol eta gazte elkarteentzako eta gazte udalekuentzako aurreikusitako partida hobetzea hitzartu dutela esan du Pombok, “elkarte horiek guztiek egiten duten boluntario lan garrantzitsuarengatik”.
Pombok gaineratu du udal gobernuak enplegua sustatzeko aurreikusitako partida aztertuko duela, “handitzeko”. Gizarte beharrak hazten ari direnean udal aurrekontuek Gizarte Zerbitzuen arloaren aldeko apostua egiten dutela nabarmendu du zinegotzi ezkertiarrak.
Aurrekontuek hiritarren parte hartzean oinarritutako plan estrategikoa prestatzeko partida bat izango dutela ere jakinarazi du Pombok.

