PSE-EErentzat aurrekontu proposamenerako Bilduk diru sarrerak “puztu” ditu
Pasaiako Udaleko PSE-EEren udal taldeak osoko zuzenketa aurkeztu die udal gobernuak proposatutako 2012ko kontuei. Sozialisten ustez Bilduren proposamenak zehaztapen falta du: “Aurrera egiteko tresna direla diote, baina aurrekontuetan ez dute esat...
Pasaiako Udaleko PSE-EEren udal taldeak osoko zuzenketa aurkeztu die udal gobernuak proposatutako 2012ko kontuei. Sozialisten ustez Bilduren proposamenak zehaztapen falta du: “Aurrera egiteko tresna direla diote, baina aurrekontuetan ez dute esaten eta ez dute zehazten zein norabidean egin nahi duten aurrera”.
PSE-EEk kritikatu du Bilduk aurrekontu testuaren “zati garrantzitsu bat munduaren kontra egiteko” erabili duela, baina ez aldundiaren kontra: “Foru Funtsaren itzulketaren gainean aipamenik ere ez dute egin”.
Are gehiago, sozialistentzat “aurrekontu tranpa” da: “Zenbait diru-sarrera ez dira beteko, eta beste batzuk puztuta daude. Ez dira 2010-2013rako ekonomia eta finantza planeko aurreikuspenak betetzen”. Diru sarrerak “goranzko joeran” kalkulatu izana kritikatu dute sozialistek.
Diru gehiago enplegurako
PSE-EEk aurkeztu duen emendakinaren bidez enplegua sortzeko diru gehiago nahi dute. “Langabezia herritarren arazo larriena da, baina gobernuak enplegua sustatzeko politika, herri garapena eta komertzioren partida lotsagabeki moztu du”, salatu dute. Enplegurako partida 87.000 eurotan handitzea proposatu dute.
Udaleko pertsonalaren gastuak “izugarri” igo direla ere esan dute sozialistek. Gobernuaren proposamenak euskara eta euskaltegiko gastuak %25 igotzea aurreikusten duela nabarmendu dute ere, “baina ekitaldietarako eta diru laguntzetarako aurreko kontuetatik ez da aldatzen”.
Horregatik guztiarengatik PSE-EEk Bilduko gobernuari “demagogia” baliatzea leporatu dio eta aurrekontu proposamena “onartezina” dela deritzo.