Oreretako Langabeen Asanbladak 11 puntuko dekalogoa aurkeztu du
Ekitaldi bikoitza egin zuen atzo Oreretako Langabeen Asanbladak. Batetik, dekalogo bat aurkeztu zuen langileen eskubideak aldarrikatzeko. Hala, datozen egunetan herriko gizarte eragile guztiei aurkeztuko diela jakinarazi zuen. Hiru asteko epea eman die erantzunak jasotzeko, eta kontuan izango ditu euren iritzi eta ekarpenak. Bestetik, elkarretaratzea egin zuten langabeek Biteri kaleko Kutxako bulegoaren parean, kaleratzeak salatzeko. Dekalogoak 11 puntu ditu. Bertan, lanpostu duina izateko eskubidea aldarrikatu dute langabeek, “bidezkoa den soldata jaso eta segurtasun neurriak bete daitezen”. Langabezia saria mugagabea izatea ere eskatu dute, eta 1.100 eurotik gorakoa izatea. Eusko Jaurlaritzari, berriz, enplegua erregulatzeko espediente gehiago ez onartzeko eskatu diote. Erakunde publikoei, oro har, lan publiko zuzena sustatzeko eskatu diete, eta ildo horretatik, Lanbide hobeto kudeatzea. Kalitatezko eta doako hezkuntza publikoa ere eskatu dute langabeek: “Lan merkatuan sartzea bermatzeko neurriak martxan jartzea, formazio jarraitua, birziklatzea…”. Azken finean, lanik gabeko pertsona kopurua murriztea bultzatu nahi dute langabeek neurri horien bidez. Gizarte laguntza guztiei buruzko informazio “zehatza eta argia” izateko ere galdegin dute. Horrez gain, langabe gazte eta errenta baxua dutenentzako doako garraio publikoaren alde egin dute, eta kultura eta kirolerako eskubidea ere aldarrikatu dute. Pribatizatutako sektore eta enpresa nagusiak berriro nazionalizatzeko eskatu dute, baita diru publikoa jaso duten enpresak eta bankuak ere. Geroa [...]
Ekitaldi bikoitza egin zuen atzo Oreretako Langabeen Asanbladak. Batetik, dekalogo bat aurkeztu zuen langileen eskubideak aldarrikatzeko. Hala, datozen egunetan herriko gizarte eragile guztiei aurkeztuko diela jakinarazi zuen. Hiru asteko epea eman die erantzunak jasotzeko, eta kontuan izango ditu euren iritzi eta ekarpenak. Bestetik, elkarretaratzea egin zuten langabeek Biteri kaleko Kutxako bulegoaren parean, kaleratzeak salatzeko.
Dekalogoak 11 puntu ditu. Bertan, lanpostu duina izateko eskubidea aldarrikatu dute langabeek, “bidezkoa den soldata jaso eta segurtasun neurriak bete daitezen”. Langabezia saria mugagabea izatea ere eskatu dute, eta 1.100 eurotik gorakoa izatea.
Eusko Jaurlaritzari, berriz, enplegua erregulatzeko espediente gehiago ez onartzeko eskatu diote. Erakunde publikoei, oro har, lan publiko zuzena sustatzeko eskatu diete, eta ildo horretatik, Lanbide hobeto kudeatzea.
Kalitatezko eta doako hezkuntza publikoa ere eskatu dute langabeek: “Lan merkatuan sartzea bermatzeko neurriak martxan jartzea, formazio jarraitua, birziklatzea…”. Azken finean, lanik gabeko pertsona kopurua murriztea bultzatu nahi dute langabeek neurri horien bidez.
Gizarte laguntza guztiei buruzko informazio “zehatza eta argia” izateko ere galdegin dute. Horrez gain, langabe gazte eta errenta baxua dutenentzako doako garraio publikoaren alde egin dute, eta kultura eta kirolerako eskubidea ere aldarrikatu dute.
Pribatizatutako sektore eta enpresa nagusiak berriro nazionalizatzeko eskatu dute, baita diru publikoa jaso duten enpresak eta bankuak ere.
Geroa eta antzeko erakundeei lotuta, pentsio funtsetan kotizatutako dirua legez ezarritako epea baino lehen eskuratzeko aukera ere azter dezatela galdegin dute.
“Etxebizitza duina”
Etxebizitza duina izateko eskubidea ere aipatu dute dekalogoan langabeek: “Alokairuzko etxebizitzaren kopurua ezin da diru sarreren %25a baino gehiago izan”. Zentzu horretan, hutsik dauden etxebizitzei irtenbide bat eman behar zaiela adierazi dute, hala nola, bankuek hutsik dituzten etxebizitzak desjabetuz.
Hain zuzen, atzo kaleratzeak salatzeko Herriko plazatik Biteri kaleraino joan ziren, Kutxa, lapurrak eta antzeko oihuak botaz. Behin bulegoaren parera ailegatutakoan, kartelak itsatsi zituzten, eta Kutxaren jarrerarekiko desadostasuna adierazi zuten.
Atzoko ekimenez gain, aurrera begira ere gehiago egingo dituztela jakinarazi zuten, eta astelehenero egingo dituztela elkarretaratzeak. Esate baterako, hilaren 4ean bertan behera geratu zen manifestazioa asteburu honetan egingo dute Bilbon, eta bertan batik bat lan murrizketak salatuko dituzte. 18:00etan aterako da Jesusen Bihotza plazatik. Herritarrak parte hartzera animatu zituzten atzo.