Inauteriak hasteko prest daude hondarribiarrak eta irundarrak
Kaldereroak larunbatean iritsi ziren Irunera inauteriak iragartzera, eta etzi, ostegun gizenarekin, abiatuko dituzte hondarribiarrek eta irundarrek mozorroen festak. Bidasoan tradizio handiko jaiak dira inauteriak, eta Irunen eta Hondarribian egiten dituzten desfileak esaterako oso ezagunak dira. Horietan eskolek, dantza taldeek eta elkarteek parte hartzen dute. Hala, musika, kolore eta dantzak nagusi izango dira, larunbat eta igande arratsaldean Irunen, eta igande goizean Hondarribian. Aurten, desfilearen ibilbidea aldatuko dute Hondarribian, Portua auzoko lanak direla eta. Desfileak ezingo du Matxin Artzu kaletik pasatu, eta Bernat Etxeparetik jarraituko du Zuloaga kalera, egungo trafiko norabidearen kontra. Antolatzaileek hala azalduta, Hondar jatetxe inguruan, San Pedro kalera bidean, bira estua egin beharko dute karrozek. Desfiletako talde onenek sariak jasoko dituzte. Irungo larunbateko eta igandeko desfileek ohiko bidea egingo dute: Letxunborron hasiko dira, eta Nafarroa etorbidean bukatuko dute bidea konpartsek. Mairuak Hondarribian Urteak pasatu dira Hondarribiko Emeki elkarteko kideek Mairuaren ohitura zaharra berreskuratu zutenetik. Hirian sona handia hartu duen ohitura da. Aurten ere, Emekik gonbitea egin die herritarrei Mairuaren jaialdian parte hartzeko. Larunbat goizean Emekikoak baserriz baserri ariko dira, puskak biltzen. Bertan parte hartzeko dagoen baldintza bakarra arropa da. Bakoitzak etxean dauzkan trapuak erabili ahal izango ditu horiekin mozorroa egin eta baserriz baserri ibiltzeko. Baserri bakoitzera iritsi bezain pronto, [...]
Kaldereroak larunbatean iritsi ziren Irunera inauteriak iragartzera, eta etzi, ostegun gizenarekin, abiatuko dituzte hondarribiarrek eta irundarrek mozorroen festak.
Bidasoan tradizio handiko jaiak dira inauteriak, eta Irunen eta Hondarribian egiten dituzten desfileak esaterako oso ezagunak dira. Horietan eskolek, dantza taldeek eta elkarteek parte hartzen dute. Hala, musika, kolore eta dantzak nagusi izango dira, larunbat eta igande arratsaldean Irunen, eta igande goizean Hondarribian.
Aurten, desfilearen ibilbidea aldatuko dute Hondarribian, Portua auzoko lanak direla eta. Desfileak ezingo du Matxin Artzu kaletik pasatu, eta Bernat Etxeparetik jarraituko du Zuloaga kalera, egungo trafiko norabidearen kontra. Antolatzaileek hala azalduta, Hondar jatetxe inguruan, San Pedro kalera bidean, bira estua egin beharko dute karrozek. Desfiletako talde onenek sariak jasoko dituzte.
Irungo larunbateko eta igandeko desfileek ohiko bidea egingo dute: Letxunborron hasiko dira, eta Nafarroa etorbidean bukatuko dute bidea konpartsek.
Mairuak Hondarribian
Urteak pasatu dira Hondarribiko Emeki elkarteko kideek Mairuaren ohitura zaharra berreskuratu zutenetik. Hirian sona handia hartu duen ohitura da. Aurten ere, Emekik gonbitea egin die herritarrei Mairuaren jaialdian parte hartzeko. Larunbat goizean Emekikoak baserriz baserri ariko dira, puskak biltzen.
Bertan parte hartzeko dagoen baldintza bakarra arropa da. Bakoitzak etxean dauzkan trapuak erabili ahal izango ditu horiekin mozorroa egin eta baserriz baserri ibiltzeko.
Baserri bakoitzera iritsi bezain pronto, erratza atarian pasatu, eta otarrea lurrean jartzen dute. Usadioaren arabera, derrigorrezkoa da aurpegia ondo estalita eramatea. Horretarako, lastozko txanoak eta zinta edo mozorroak janzten dituzte.
Behin erritua egin eta gero, mairuak dantzan hasten dira, eta askotan baserritarrek bat egiten dute Mairuekin. Emekikoek bazkari batekin bukatuko dute jaialdia.
Irunen ere baserriz baserri ibiliko dira hainbat talde, puskak biltzen, larunbatean eta igandean.
Irungo egitaraua:
Osteguna, hilak 17: 19:00etan, zanpantzarren konpartsa Alberto Angera plazatik Zabaltza plazara; 19:30ean, zanpantzarrak, Bidasoako txarangak eta Musikako Eskolako bandak lagunduta; ondoren, erraldoien balsa Zabaltza plazan.
Larunbata, hilak 18, larunbata. 09:30etik aurrera, Ibarla-Meakako dantza taldea Meaka auzoko baserrietatik ibiliko da; 10:00etatik aurrera, Eraiki dantza taldea Bidasoa eta Behobiako baserrietatik ibiliko da; 10:00etatik aurrera, Txorimaloak akordeoi taldea Anakatik ibiliko da; 12:00etan, Kemen dantza taldeak antolatuta, Altsasuko Inauteria egingo dute Pio XII plazatik Erromes plazaraino; 17:30ean inauterietako haurren desfilea egingo dute, Letxunborrotik hasita.
Igandea, hilak 19, igandea. 09:00etan, Egoipar-Meaka dantza taldea eta Meakako Adiskideak dantza taldea Meakatik aterako dira; 09:00etatik aurrera, Kemenek Olaberriatik kalejira egingo du; 17:30ean, konpartsen desfilea Letxunborrotik.
Asteartea, hilak 21: Irun Hiria Musika Bandaren eskutik dantzaldia Zabaltza plazan 19:00etik aurrera. Horren ondotik, sardina-ehorzketa eta horen zein zanpantzarraren erretzea izango da Zabaltza plazatik abiatuta.