ELA, LAB eta EILAS sindikatuek deituta, lau orduko lanuztea egin zuten atzo sektore publikoko langileek. Euren helburua pasa den urtarrilaren 11n Eusko Jaurlaritzak onartutako neurriak salatzea zen, baita aurrekontuaren murrizketa zein Espainiako Gobernuaren “dekretazoa” ere. Izan ere, 95 milioi euroko murrizketa egingo du Jaurlaritzak sektore publikoan.

Oarsoaldean eta Bidasoan, hainbat zerbitzutan eragin handia izan zuen lanuzteak. Hezkuntzan, goizean eman zituzten eskolak. Sistema publikoko ikastetxeez gain, Pasaia-Lezo Lizeoko langileek ere lanuztea egin zuten atzo. Ikastetxe askoren kanpoaldean elkarretaratzeak egin zituzten langileek. Oiartzunen, Elizalde Herri Eskolako hainbat langilek elkarretaratzea egin zuten Doneztebe plazan. Udaleko langile batzuk ere batu zitzaizkien, eta Aiora Perez de San Roman alkatea eta zenbait zinegotzi ere bazeuden. Izan ere, Bilduk lanuztearekin bat egin zuen.
EuskoTrenen lau orduko bi lanuzte egin zituzten. Lehenengoa 06:30etik 10:30era egin zuten, eta 17:30tik 21:30era bestea. Zerbitzu minimoek funtzionatu zuten, eta goizean, esaterako, orduro izan ziren topoak.
Eguerdian Donostian herrialde mailako manifestazioa egin zuten, sindikatuek deituta, Zerbitzu publikoak garatu. Murrizketarik ez! lelopean. Sindikatuak pozik daude atzoko lanuzteak izan zuen jarraipenarekin. Eusko Jaurlaritzak, ohi bezala, lanuzteak jarraipen “eskasa” izan zuela adierazi zuen.
Neurri ugari
Sektoren publikoko langileei neurri ugari “inposatu” dizkietela salatu zuten sindikatuek. Horrela, soldata izoztu diete, “%10-13ko eroste ahalmena galtzen dugu”. Gainera, aurten ez da errelebo kontraturik egingo ezta jubilazio primarik ere egongo hartutako erabakien arabera. “Eta aurrerago ikusiko dugu”, adierazi dute sindikatuek.
Horrez gain, Eusko Jaurlaritzak, foru aldundiek eta udalek pentsio funtsetarako ekarpena etetea oraindik ez dutela erabaki adierazi dute sindikatuek, eta ekarpenak mantentzea «ezinbestekoa» dela. «Bestela», azaldu dute, “soldata %3 eta %7 jaitsiko litzateke”.
Gaixotasunengatik baja hartzeak ere aldaketak izango ditu. Ez dira bere osotasunean konpentsatuko, eta egun bat eta hiruren arteko bajek lehenengo eskaeran soldataren %50 ordainduko dute. Hirugarren eskaeratik aurrera ez dute konpentsatuko.
Badaude salatu dituzten neurri gehiago: ordezkapenik ez egitea edo azken urteetako murrizketekin ordezkatzea. “Enplegu berria sortzeko aukerak guztiz mugatzen dira, eta ondorioz enplegu publikoa suntsitzen da”, gaineratu dute.
65 urtetik gorakoek ezin izango dute lanean jarraitu, nahiz eta kotizazio baxuak eduki. Estatuko Administrazioko lanaldia 35 ordutatik 37,5era pasatuko dutela ere gaitzetsi dute, eta Jaurlaritzari errua bota die: “Gasteizko Gobernuak ez dauka aplikatzeko beharrik, baina horrela egin badu murrizketa neurri hori bere egin duelako da”.