Kaleratzeak geldiaraztea helburu
Geroz eta gehiago dira hipotekari aurre egin ezin dioten lagunak, eta horren ondorioz, ugaritzen ari dira desjabetze kasuak eta kaleratzeak. Etxebizitzaren arazoaz, eta bereziki, kaleratzeen gaineko informazioa eman eta arazoaren sozializazioa lortzeko lanean dihardu Gipuzkoako Stop Deshaucios kolektiboak. Horretarako, Gipuzkoako herri eta auzoetako auzo elkarteekin batera, hitzaldiak antolatzen ari dira. Herenegun Errenteria-Oreretan izan ziren kolektibo horretako kide Mikel Sanchez eta Iker Apilanez. Taldearen nondik norakoak, dituzten helburuak, orain arte egindako ekimenak eta etorkizunean egingo dituztenak azaldu zituzten, besteak beste, Reina Aretoan bildu ziren 50 lagunen aurrean. Arazoa ageriko bihurtu Joan den udan sortu zen Gipuzkoako Stop Deshaucios. “Krisiaren eraginez geroz eta gehiago dira etxea galtzeko arriskuan dauden familiak. Lagun horiek elkartzen hasi ziren, M15 mugimenduaren inguruan dabilen jendea ere, eta baita etxebizitzaren arazoaren gainean lanean diharduten taldeak ere, Kepasaconlacasa kolektiboa kasu”, azaldu zuen Mikel Sanchezek. Hainbat arrazoirengatik hipotekari aurre egin ezin dioten lagunei erantzutea, eta horren gaineko informazioa zabaldu eta arazoa “agerikoa” bihurtzea du helburu kolektiboak, Sanchezek nabarmendu zuenez. Kaleratzeak geldiarazten saiatzeko egindako ekimenengatik da ezaguna kolektiboa. Hala ere, geldiarazi baino, “atzeratu” egiten dituztela zehaztu zuen Sanchezek: “Jendearen laguntzari esker lortzen dugu geldiaraztea behin edo bi aldiz. Hirugarrenean, udaltzaingoa edo Ertzaintza bidaltzen dute, eta kaleratzea, egin, egiten da. Halako ekimenen [...]
Geroz eta gehiago dira hipotekari aurre egin ezin dioten lagunak, eta horren ondorioz, ugaritzen ari dira desjabetze kasuak eta kaleratzeak. Etxebizitzaren arazoaz, eta bereziki, kaleratzeen gaineko informazioa eman eta arazoaren sozializazioa lortzeko lanean dihardu Gipuzkoako Stop Deshaucios kolektiboak. Horretarako, Gipuzkoako herri eta auzoetako auzo elkarteekin batera, hitzaldiak antolatzen ari dira.
Herenegun Errenteria-Oreretan izan ziren kolektibo horretako kide Mikel Sanchez eta Iker Apilanez. Taldearen nondik norakoak, dituzten helburuak, orain arte egindako ekimenak eta etorkizunean egingo dituztenak azaldu zituzten, besteak beste, Reina Aretoan bildu ziren 50 lagunen aurrean.
Arazoa ageriko bihurtu
Joan den udan sortu zen Gipuzkoako Stop Deshaucios. “Krisiaren eraginez geroz eta gehiago dira etxea galtzeko arriskuan dauden familiak. Lagun horiek elkartzen hasi ziren, M15 mugimenduaren inguruan dabilen jendea ere, eta baita etxebizitzaren arazoaren gainean lanean diharduten taldeak ere, Kepasaconlacasa kolektiboa kasu”, azaldu zuen Mikel Sanchezek.
Hainbat arrazoirengatik hipotekari aurre egin ezin dioten lagunei erantzutea, eta horren gaineko informazioa zabaldu eta arazoa “agerikoa” bihurtzea du helburu kolektiboak, Sanchezek nabarmendu zuenez.
Kaleratzeak geldiarazten saiatzeko egindako ekimenengatik da ezaguna kolektiboa. Hala ere, geldiarazi baino, “atzeratu” egiten dituztela zehaztu zuen Sanchezek: “Jendearen laguntzari esker lortzen dugu geldiaraztea behin edo bi aldiz. Hirugarrenean, udaltzaingoa edo Ertzaintza bidaltzen dute, eta kaleratzea, egin, egiten da. Halako ekimenen bidez arazoa agerikoa bihurtzen saiatzen gara, eta bestetik, bankuekin negoziatzen saiatzeko denbora irabazten dugu”.
Bi kasu Errenteria-Oreretan
Hipotekari aurre egin ezin diotelako etxea galtzear dauden bi errenteriarren kasua du esku artean Stop Deshaucios kolektiboak. Bata, Beraungo Mari Carmen Marquezena da. Bere gurasoek etxea uzteko 30 eguneko epea dutela dion gutuna jaso berri du Marquezek. Bere kasuan, «akats ugari» izan direla azaldu du sanchezek. Ofiziozko abokatua eskatu zuen Marquezek, ukatu egin zioten eta helegitea jarri zuen. “Halakoetan prozesua eten egiten da, baino kasu honetan ez da hala izan. Orain hilabete eta erdi Kutxako bi pertsonak bere kasua aztertu eta erantzun bat emateko konpromisoa hartu zuten, eta ez dute hitza bete, gainera”. Haserre daude horrekin kolektiboko kideak, “bankuek barre egiten diotelako jendeari”, eta hori salatzeko eta erantzun bat “exijitzeko” kalera aterako direla aurreratu du Sanchezek.
Beste kasuari dagokionez, oraindik informazioa biltzen ari dira eta ez dute publiko egin.
Kaleratzeena ez da arazo puntuala kolektiboaren iritziz, etxebizitza lortzeko arazoak sortutakoa baizik. Horren aurrean, alokairu soziala sustatzea litzatekeela irtenbidea eta horretarako, erakundeei etxebizitzaren parke publikoa eskuratzeko galdegin beharra nabarmendu du Sanchezek: “Herritarrek duintasunez bizitzeko aukera lukete orduan, soldataren %25 eta %30 arteko alokairu soziala ordainduta”. Gainera, milaka omen dira hutsik dauden eta horretara bideratu daitezkeen eraikinak. Horren harira, datozen egunetan Gipuzkoako Stop Deshaucios eta Kepasaconlacasa kolektiboek Donostialdean hutsik dauden etxebizitza eta eraikinen zerrenda ezagutaraziko dutela iragarri du Sanchezek.
Gipuzkoako Stop Deshauciosen parte hartu nahi dutenek stopdeshaucios[a bildua]plazan.net helbidera mezua bidali, 669 42 85 98 telefono zenbakira deitu edo Donostiako Bulebarreko kioskoaren behealdean dagoen lokalera jo dezakete, asteazkenetan, 19:30ean.