Kukaik ‘Out/in’ lana aurkeztu du, ‘Karrikan’-en aretorako egokitzapena
Out/in ikuskizunarekin etorri da Kukai. Karrikan proiektuaren ondorengoa da, hain zuzen, “kaleko ikuskizunaren areto barrurako moldaketa”, Jon Maia Kukai dantza konpainiako kideak azaldu duenez: “Karrikan kale ikuskizun bat da; kalerako sortu zen espresuki. Orduan egindako lanaren ondoren, ikusi genuen ikuskizunak garapen berri bat izan zezakeela, eta areto barruan ere oso ondo funtzionatu zezakeela”. Ikuskizuna bi zatitan banatua dago: Aupa mutil eta Sorbatza. Lehenengoa, Iker Gomez koreografoarekin osatu dute. Gomezi eskatu zioten Gipuzkoako dantzetan inprobisazioaren gainean dauden dantzei buruz gogoeta bat egiteko, eta hortik sortu dute. Orain arte landutako estilo eta mugimendutik “urrunago” joan direla esan du Maiak, baina, aldi berean, “interesgarria” izan dela, erregistro berrietan sartzeko aukera eman dielako. Sorbatza, berriz, Damian Muñoz eta Virgina Garcia koreografoek osatu dute. Durangaldeko Dantzari dantzaren eta krump estiloaren arteko uztarketa bat dela azaldu du Maiak: “Krump estiloa Los Angelesko auzo txiroenetan sortutako dantza estilo bat da, borroka sinbolo bat. Lau gizonek interpretatzen dugu pieza, eta sinopsian aipatzen den bezala, gerra sinbolo bat da, bakea eraikitzeko”. Udala eta Kukairen arteko hitzarmenaren haritik, lana Errenteria-Oreretan aurkeztuko du dantza konpainiak. Hain zuzen, igandean izango da emanaldia, 19:00etan, Errenteria Hiria Kulturgunean. Irune Balentziaga Euskara eta Kultura zinegotziak ohoretzat jo du Kukai bezalako talde bat egotea herrian. Igandeko [...]
Out/in ikuskizunarekin etorri da Kukai. Karrikan proiektuaren ondorengoa da, hain zuzen, “kaleko ikuskizunaren areto barrurako moldaketa”, Jon Maia Kukai dantza konpainiako kideak azaldu duenez: “Karrikan kale ikuskizun bat da; kalerako sortu zen espresuki. Orduan egindako lanaren ondoren, ikusi genuen ikuskizunak garapen berri bat izan zezakeela, eta areto barruan ere oso ondo funtzionatu zezakeela”.
Ikuskizuna bi zatitan banatua dago: Aupa mutil eta Sorbatza. Lehenengoa, Iker Gomez koreografoarekin osatu dute. Gomezi eskatu zioten Gipuzkoako dantzetan inprobisazioaren gainean dauden dantzei buruz gogoeta bat egiteko, eta hortik sortu dute. Orain arte landutako estilo eta mugimendutik “urrunago” joan direla esan du Maiak, baina, aldi berean, “interesgarria” izan dela, erregistro berrietan sartzeko aukera eman dielako.
Sorbatza, berriz, Damian Muñoz eta Virgina Garcia koreografoek osatu dute. Durangaldeko Dantzari dantzaren eta krump estiloaren arteko uztarketa bat dela azaldu du Maiak: “Krump estiloa Los Angelesko auzo txiroenetan sortutako dantza estilo bat da, borroka sinbolo bat. Lau gizonek interpretatzen dugu pieza, eta sinopsian aipatzen den bezala, gerra sinbolo bat da, bakea eraikitzeko”.
Udala eta Kukairen arteko hitzarmenaren haritik, lana Errenteria-Oreretan aurkeztuko du dantza konpainiak. Hain zuzen, igandean izango da emanaldia, 19:00etan, Errenteria Hiria Kulturgunean. Irune Balentziaga Euskara eta Kultura zinegotziak ohoretzat jo du Kukai bezalako talde bat egotea herrian.
Igandeko estreinaldiaren ondoren, Out/in-en beste bi emanaldi dituzte agendan: otsailaren 25ean (larunbata) Donostiako Gazteszenan, eta martxoaren 8an (osteguna) Gasteizko Principal antzokian.
Ikuskizun berriaz gain, aurrekoekin ere jarraituko dute dantza taldekoek. Gaur, esaterako, Hnuy Illa Joseba Sarrionaindiaren testuetan oinarritutako ikuskizuna emango dute Bilboko Arriaga antzokian.
Martxoaren 18an, berriz, Hostoak emango dute Galtzarabordako kiroldegian. Udala, Kukai eta Landare elkartearen arteko elkarlanaren ondorioa izan da emanaldi hori. Aurrerago emango dute xehetasunen berri.