Eresbilek 2.800 dokumentu berri bildu ditu azken urtean
Eresbil Musikaren Euskal Artxiboaren funtsa 210.000 dokumentuetaraino heltzear dago, 2011. urtean bildu dituen 2.879 dokumentuei esker. Funtsean dauden dokumentuetatik 99.979 ikus-entzunezko materialak dira; 76.146 partiturak; 17.200 liburuak, aldizkariak eta mikroformak; eta 15.722 eskutitzak, argazkiak, programak eta kartelak. Jon Bagues Eresbileko zuzendariak eman zuen atzo 2011 urteko datuen berri. Halaber, 2012rako dituzten erronka eta egitasmo berriak ere aurkeztu zituen. Eresbilen egiteko garrantzitsuenetako bat euskal musikagileen sorkuntza lanak biltzea dela, eta horren harira, bildutako materialaren artean 428 partitura daudela nabarmendu zuen Baguesek. Halaber, Luchy Mancisidor pedagogoak, Nekane Lasarte zuzendariak, Lurdes Goiti de Verkos biolontxelo jotzaileak edo Zezilio Pagoagaren familiak emandako obren kopiak ere jaso ditu Eresbilek. Azken horiek, dohaintza moduan emandakoak direla zehaztu zuen Eresbilen zuzendariak. Iaz erositakoen artean, Musica Britannica bilduma nabarmendu zuen. 91 liburuk osatzen dute, eta XVI. eta XIX. mende arteko Erresuma Batuko musikagileen historia eta lanak biltzen ditu. 2012 urteari begira Eresbilek dituen erronketaz ere mintzatu zen Bagues: “Francisco Escudero musikagilearen lana ezagutaraztea izango da lehentasunetako bat”. Escuderok tarte berezia izango du maiatzaren 12tik 19ra bitarte Eresbilek egingo duen Musikasteren 40. ekitaldian, Jose de Azpiazu gitarristaren, MaruaVitoria Figuerido musikagile eta biolin jotzailearen, edo Alexander Lebordesen lanekin batera. Bestalde, Musika Banden Konposizioko Nazioarteko I. Lehiaketaren obra irabazlea Musikasten estreinatuko [...]
Eresbil Musikaren Euskal Artxiboaren funtsa 210.000 dokumentuetaraino heltzear dago, 2011. urtean bildu dituen 2.879 dokumentuei esker. Funtsean dauden dokumentuetatik 99.979 ikus-entzunezko materialak dira; 76.146 partiturak; 17.200 liburuak, aldizkariak eta mikroformak; eta 15.722 eskutitzak, argazkiak, programak eta kartelak.
Jon Bagues Eresbileko zuzendariak eman zuen atzo 2011 urteko datuen berri. Halaber, 2012rako dituzten erronka eta egitasmo berriak ere aurkeztu zituen. Eresbilen egiteko garrantzitsuenetako bat euskal musikagileen sorkuntza lanak biltzea dela, eta horren harira, bildutako materialaren artean 428 partitura daudela nabarmendu zuen Baguesek.
Halaber, Luchy Mancisidor pedagogoak, Nekane Lasarte zuzendariak, Lurdes Goiti de Verkos biolontxelo jotzaileak edo Zezilio Pagoagaren familiak emandako obren kopiak ere jaso ditu Eresbilek. Azken horiek, dohaintza moduan emandakoak direla zehaztu zuen Eresbilen zuzendariak.
Iaz erositakoen artean, Musica Britannica bilduma nabarmendu zuen. 91 liburuk osatzen dute, eta XVI. eta XIX. mende arteko Erresuma Batuko musikagileen historia eta lanak biltzen ditu.
2012 urteari begira Eresbilek dituen erronketaz ere mintzatu zen Bagues: “Francisco Escudero musikagilearen lana ezagutaraztea izango da lehentasunetako bat”. Escuderok tarte berezia izango du maiatzaren 12tik 19ra bitarte Eresbilek egingo duen Musikasteren 40. ekitaldian, Jose de Azpiazu gitarristaren, MaruaVitoria Figuerido musikagile eta biolin jotzailearen, edo Alexander Lebordesen lanekin batera.
Bestalde, Musika Banden Konposizioko Nazioarteko I. Lehiaketaren obra irabazlea Musikasten estreinatuko dutela jakinarazi zuen atzo Baguesek.
Berritasuna
Ekimen berria ere jarriko du martxan Eresbilek aurten. Programetan du izena eta Donostian egin diren kontzertuen eskuko programen bilduma osatzea du helburu. “Viktoria Eugenia antzokiak aurten ehungarren urteurrena beteko duenez , bertako programekin hasi nahi dugu”, esan zuen Baguesek. Bertan egin diren ekimenen gainean dituzten eskuko programen inbentarioa egiten ari direla gaineratu zuen: “Laster donostiarrei laguntza eskatuko diegu bilduma hori osatzeko”.