Txomin Artola: «Oso txarrak ginen baina ilusio handia genuen»
Musikarekin afizio handia zuen. «Gehien bat musika irratietan entzuten nuen», dio Txomin Artolak (Hondarribia, 1948). 1950eko hamarkadan diskoak ez ziren erraztasunez lortzen eta, batez ere, Frantziako irratietatik aditzen zena gustuko zuen Artolak. 13 urte inguru zituela The Beatles taldearen kantekin maitemintzen hasi zen. «Musikatik aparte, eurek giza mugimendu bat sortu zuten, edo mugimendu horren lekuko-edo ziren. Musika eta gazteria nahasten ziren eta Beatleszalea bihurtu nintzen». Garai hartako Frantziako eta Ingalaterrako taldeek interes handia pizten zuten hondarribiarrarengan. Amerikako Estatu Batuetatik, ordea, musika gutxiago iristen zela dio. «Hori izan zen pixka bat ene lehen kontaktua musikarekin». Izan ere, garai hartako mugimendua oso interesgarria egin zitzaion Artolari. «Pentsa, Europan II. Mundu Gerra bukatu berria zen eta gerra ondoko garaian sortu ziren talde horiek». Gerrak Europa osoari eragin zion eta alemaniarrak Hendaiaraino (Lapurdi) iritsi ziren. «Nik uste dut herritarrak poliki-poliki esnatzen ari zirela, pixka bat burua altxatu nahian zebiltzan». Artolak dio garrantzitsua izan zela estatubatuarrak Europara etorri izana ere, haien musika ekarri baitzuten berekin. Hala, Erresuma Batuak AEBekin harreman handia zuela argi gelditu zen abeslariarentzat. «Nik bere garaian Londresen eman nuen denboraldi bat, eta han konturatu nintzen hura zela AEBen sukurtsal bat Europan». Edozein modutan, Euskal Herrian Francoren diktaduraren unerik latzenak bizi ziren garai [...]
Garai hartako Frantziako eta Ingalaterrako taldeek interes handia pizten zuten hondarribiarrarengan. Amerikako Estatu Batuetatik, ordea, musika gutxiago iristen zela dio. «Hori izan zen pixka bat ene lehen kontaktua musikarekin». Izan ere, garai hartako mugimendua oso interesgarria egin zitzaion Artolari. «Pentsa, Europan II. Mundu Gerra bukatu berria zen eta gerra ondoko garaian sortu ziren talde horiek».
Gerrak Europa osoari eragin zion eta alemaniarrak Hendaiaraino (Lapurdi) iritsi ziren. «Nik uste dut herritarrak poliki-poliki esnatzen ari zirela, pixka bat burua altxatu nahian zebiltzan». Artolak dio garrantzitsua izan zela estatubatuarrak Europara etorri izana ere, haien musika ekarri baitzuten berekin. Hala, Erresuma Batuak AEBekin harreman handia zuela argi gelditu zen abeslariarentzat. «Nik bere garaian Londresen eman nuen denboraldi bat, eta han konturatu nintzen hura zela AEBen sukurtsal bat Europan».
Edozein modutan, Euskal Herrian Francoren diktaduraren unerik latzenak bizi ziren garai hartan. «Diktaduraren menpe ginen eta herria oso zegoen dominatua», dio. «Herria lotua, helduta ikusten genuen. Eragin handia zuen gero ideiak adierazteko momentuan, eta zeresanik ez, kutsu euskalduna eman nahi baldin bazenion, erabat zentsuratua izaten zen».
Rock and rolla hasieran
Horiek horrela, Euskal Herriko irratietan batez ere abesbatzak entzuten zirela dio. Halere, Artolak bere lehen taldea sortu zuen, eta rock and roll taldea zen hura. «14 bat urterekin talde rockero bat sortu nuen hemen, eta oso txarrak ginen baina ilusio handia genuen», dio barre artean. Handik gutxira, 16 bat urte zituela hippy mugimendua sortu eta folk musika hedatuz joan zela oroitu du abeslariak. «Musika akustikoaren berpizte bat ekarri zuen eta nik musika horrekin bat egiten nuen. Rockarekin segitzen nuen baina, baita ere, folkarekin, eta nik kantu horiek nire gisara egiten nituen».
Gerora, denboraldi bat egin zuen Ingalaterran eta folk musika klub batean partaide egin zen. «Ostiralero saio bat zegoen. Kantatzen baldin bazenuen ez zenuen sarrerarik ordaindu behar, beraz aitzakia ederra zen: kantatzera joan eta ordaindu gabe gainera». Halaxe ekin zion Artolak euskal kantu zaharrak kantatzeari, gitarra eskuartean eta estilo folkean.
Soldaduska abiapuntu
Ingalaterratik itzuli eta hiruzpalau hilabetean Mendebaldeko Saharako Aaiun hiriburua egokitu zitzaion soldaduska egiteko. «Garai hartan gauzak aldatzen hasi ziren hemen ere, Ez Dok Amairu sortu zen». Artolak ondo gogoan du lagatako aztarna: «Eragin artistikoa baino, eredu modura eduki zuen eragina niretzako».
Horiek horrela, soldaduskatik etorrita euskal kantuekin hastea erabaki zuen: kantu zaharrak bilatzen hasi eta haren aitak etxean zeuzkan kantu liburu inportanteak lantzen hasi zen. Izan ere, Fernando Artola Bordari idazlearen semea da hondarribiarra. Aitak eragin handirik ez zuela izan dio abeslariak: «Literaturaren munduan oso zegoen sartuta, baina ni mundu horren satelite moduan bizi nintzen, pixka bat kanpo». Edozein modutan, kantu liburu zahar horiek eta soldaduskan idatzitako lehen kantak Artolaren abiapuntua izan ziren. «Kantuak errepasatu, aztertu eta kutsu pertsonala ematen hasi nintzen gitarrarekin».
Hala ekin zion Artolak bere musika ibilbideari. Haren diskografiak 15 disko biltzen ditu gaur egun; horietako batzuk Amaia Zubiria abeslari ospetsuarekin, edota Alboka talde ezagunarekin egindakoak. Gaur egun, semearekin aritzen da, Urbil Artolarekin, Sorotan Bele taldeko kidea izandakoa. Disko bat ere elkarrekin grabatu zuten: «Oso esperientzia polita eta aberatsa izan da, oso ondo konpontzen gara, eta, niretzako, plazer handia da elkarrekin musika egiten aritzea».