Leire Alcala – Hibaikako arraunlaria: «Txapelketetan motibatu egiten zara, eta beti hobetzen dituzu markak»
leire alkala hibaikako arraunlariari elkarrizketa
Espero ez zuen arren, 23 urtez azpiko Espainiako Ergometro Txapelketan onena izan da Leire Alcala (Errenteria-Orereta, 1990). Pozik dago garaipenagatik, baina batik bat igandean emakumeen Senior Mailako taldeak lortutakoarengatik.
Garrantzitsua izan al da zuretzako ergometroan Espainiako txapeldun izatea?
Normalean guk taldean ez dugu ergometrorik ez aulki mugikorreko ezer egiten, bakarrik traineruak eta batelak. Orduan oso pozik nago, ez nuelako espero. Hibaika oso talde txikia da, eta behintzat, klubaren izena entzun dadin garrantzitsua da ere.
Euskadiko Txapelketa irabazi eta gero ere ez zeneukan itxaropenik Espainiako Txapelketa irabazteko?
Nik ez dut aurretik gehiegi landu ergometroa; aurten hasi naiz, Gasteizen nagoelako ikasten, eta ezin dudalako entrenatzera joan. Ez nuen pentsatzen gaizki egingo nuenik, baina irabaztea ez zen nire plana. Han zaudela ere motibatu egiten zara, eta txapelketetan markak hobetzen dituzu beti.
Garaipen hori nola ikusten duzu etorkizunari begira?
Honetara dedikatzen den jendea da aulki mugikorrean ibiltzen dena, eta gu traineruetan eta bateletan ibiltzen gara. Ez dut uste horretan hasiko naizenik, probatzeko zerbait izan zen.
Zein helburu dituzu arraunean?
Hasteko, Hibaikako nesken trainerua aurrera ateratzea, hori da nire motibazioa.
Larunbatean Madrilen, eta igandean Sestaon zinen arraunean. Debuta egin zenuten nesken traineruarekin, eta gainera, irabazi.
Oso pozik gaude. Larunbatekoarengatik oso pozik nago, baina igandekoa denak batera lortu dugun zerbait izan da, eta niri asko gustatzen zait taldean aritzea. Bagenekien trainerua nahiko ongi zebilela, baina ez genuen espero horrelakorik. Oso ondo atera zen.
Horrek ere indarra emango dizue etorkizunera begira. Nola ikusten duzu taldea?
Uste dut trainerua aterako dugula. Traineru bat lortu behar dugu, ordea, guk erabiltzen duguna mutilena baita, eta ezin gara trainerua konpartitzen ibili. Udan Hibaika nesken ligan parte hartzen ikusten dut. Lehenengo urtea izango litzateke.