San Clementeren zigor eskaera 44 urtera murriztu du Fiskaltzak
Fiskaltzak 44 urteko espetxe zigorra eskatu du Edward Enrique San Clementerentzat, Yasmin Rodriguezen ustezko hiltzailearentzat. Emakumearen hilketaz gain, Pedro Urtizberea ere hiltzen saiatzea egotzi dio Fiskaltzak San Clementeri. Hala, Fiskaltzak 50 ...
Fiskaltzak 44 urteko espetxe zigorra eskatu du Edward Enrique San Clementerentzat, Yasmin Rodriguezen ustezko hiltzailearentzat. Emakumearen hilketaz gain, Pedro Urtizberea ere hiltzen saiatzea egotzi dio Fiskaltzak San Clementeri.
Hala, Fiskaltzak 50 urteko zigorra eskatu bazuen ere, behin-behineko ondorioak berrikusi ondoren 44 urtera murriztu du eskaera. Gainontzeko akusazioei dagokionez, Rodriguezen familiak, Pedro Urtizbereak eta Espainiako Estatuko abokatuak, 40 urte baino gehiagoko espetxe zigorra eskatu dute San Clementerentzat. Defentsak, aldiz, hamar urteko zigorra eskatu du.
Planifikatutako hilketa
Pasa den asteko azken saioan, forentseek hartu zuten hitza, eta horiek esandakoaren arabera, akusatuak ez du amnesiarik. Hala, San Clementek edanda zegoela eta ezertaz oroitzen ez dela deklaratu arren, Fiskaltzak ondorioztatu du akusatuaren jarrera ez zegoela “alkoholarengatik baldintzatuta”. Bi medikuk eta psikologo batek osatutako taldeak esan duenez, “toxikoren baten eraginpean egon izanaren zantzurik” ez dute topatu.