Murias Center 4k eta Eroskik akordioa sinatu dutela jakinarazi du udalak
murias Center4 eta Eroskiren akordioaren berririk ez duela esan du udalak
Sabecoko lokala zenak badauka erabiltzaile berria: Eroski. Udalaren arabera, abenduaren erdialdean sinatu zuten hitzarmena Murias Center 4k eta Eroskik Niessen merkataritza zentroko lokala alokatzeko. Udalak, ordea, akordio horren berri pasa den astean izan zuela jakinarazi zuen ostiralean. Ildo horretatik, “akordioaren baldintzen berri emateko” eskatu dio Murias Center 4ri.
Idazki bidez egin dute eskaera, eta udal talde guztiek izenpetu dute PSE-EEk izan ezik. Hala, lau talde horietako ordezkariak izan ziren ostiraleko agerraldian: Julen Mendoza eta Garazi Lopez Etxezarreta (Bildu), Maite Peña (EAJ), Jose Manuel Herzog (PP) eta Jose Manuel Ferradas (Errenteriako Ezkerra).
Lau taldeek lokala zabaltzea positibotzat jo dute, “bai udalerriarentzat, bai Niessen merkataritza zentroarentzat eta baita merkatarientzat ere”. Hala eta guztiz ere, akordioa abenduaren erdialdean itxi eta orain arte horren gaineko informaziorik ez izatea «gertaera oso larria» dela esan dute, “udala Murias Center 4 sozietatearen kide baita, eta ondorioz, baita sozietatearen administrazio kontseiluko kide ere”. Elkartearen %10aren jabe da udala.
“Erabakitakoa errespetatu”
Horrez gain, 2009ko martxoko udalbatzarrean onartutakoa berretsi dute lau taldeek. Alegia, alokatzailean aldaketaren bat egoten bada, alokairu kontratu berrian egungo lantalde osoa subrogatuko dela, eta kontratu berri horrek Gipuzkoako Industria eta Elikadurako Merkataritzaren hitzarmena beteko duela. Hala, “Udalbatzak onartutakoa errespetatzeko” eskatu diote Murias Center 4ri.
ELAk, bestalde, azaldu du harremanetan jarri dela bai udalarekin, bai Sabecoko langile izan zirenekin eta baita Eroskirekin ere gai horren gainean hitz egiteko. Udalak bezala, ELAk oraindik ez daki zein baldintzetan sinatu duten kontratu hori, ezta Sabecoko langile izan zirenak ere kontratatuko dituzten ere. Hala ere, esan du ez dutela onartuko “Sabecoko langileak kontuan ez hartzea”. Ez udalak ezta ELAk ere ez dakite noiz zabalduko duten berriro supermerkatua.