«Azpiegitura erraldoien» kontra azaldu da udala
Gipuzkoan azpiegitura erraldoien (errausketa planta, AHT, Pasaiako kanpoko aia, Hondarribiko aireportuaren handitzea…) kontrako mozioa aurrera atera zen pasa den asteko plenoan, Bilduren aldeko botoekin (EAJ kontra eta H1 kontra). Hala, udalak oiartzuarrei herri mugimenduek otsailaren 4an Donostian antolatu duten manifestazioarekin bat egiteko deia luzatu die eta egitasmo hauek geldiarazi eta eztabaidatzeko eskatu du. Udalak oiartzuarrak informatzeko eta herrian eztabaida sustatzeko bere esku dagoena egingo duela adierazi du. Perez de San Romanek Bilduren iritzia jakinarazi zuen udalbatzarrean: «Eskualdean eragin handia izango dute azpiegitura horiek, krisi ekonomikora eraman gaituen politika baten garaikoak dira. Beste eredu bat posible da». EAJk bere iritzia emateko, testu bat irakurri zuen Aitor Santxez zinegotziak: «Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak azpiegituren aldeko apustua egin zuten herritarren bizi-kalitatea eta ekonomia hobetzeko. Denon interesekoak dira. Mundu mailako herri aurreratuenen pareko izan nahi badugu, ezin dugu ezetz esan. Zertarako eztabaidatu helburua gelditzea bada? Zero Zabor bezalako helburuak gezurra dira, mitoak». Plenoan mozioa tarteratu zuten herri eragileetako ordezkariak egon ziren. EAJri zuzendu zitzaizkion: «Ez esan gezurrik: alternatibak badaude. Bi moral daude: pertsonak aurretik jartzen dituena edo garapen inkontrolatua». Jeltzaleei gogora ekarri zieten Karrika zeharkatuko lukeen hirugarren saihesbidearen eta Lanbarrengo plataforma logistikoaren kontrako alegazioa eurek ere sinatu zutela. Azpiegitura erraldoien kontrako mozioan aipatu [...]
Gipuzkoan azpiegitura erraldoien (errausketa planta, AHT, Pasaiako kanpoko aia, Hondarribiko aireportuaren handitzea…) kontrako mozioa aurrera atera zen pasa den asteko plenoan, Bilduren aldeko botoekin (EAJ kontra eta H1 kontra).
Hala, udalak oiartzuarrei herri mugimenduek otsailaren 4an Donostian antolatu duten manifestazioarekin bat egiteko deia luzatu die eta egitasmo hauek geldiarazi eta eztabaidatzeko eskatu du. Udalak oiartzuarrak informatzeko eta herrian eztabaida sustatzeko bere esku dagoena egingo duela adierazi du.
Perez de San Romanek Bilduren iritzia jakinarazi zuen udalbatzarrean: «Eskualdean eragin handia izango dute azpiegitura horiek, krisi ekonomikora eraman gaituen politika baten garaikoak dira. Beste eredu bat posible da».
EAJk bere iritzia emateko, testu bat irakurri zuen Aitor Santxez zinegotziak: «Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak azpiegituren aldeko apustua egin zuten herritarren bizi-kalitatea eta ekonomia hobetzeko. Denon interesekoak dira. Mundu mailako herri aurreratuenen pareko izan nahi badugu, ezin dugu ezetz esan. Zertarako eztabaidatu helburua gelditzea bada? Zero Zabor bezalako helburuak gezurra dira, mitoak».
Plenoan mozioa tarteratu zuten herri eragileetako ordezkariak egon ziren. EAJri zuzendu zitzaizkion: «Ez esan gezurrik: alternatibak badaude. Bi moral daude: pertsonak aurretik jartzen dituena edo garapen inkontrolatua». Jeltzaleei gogora ekarri zieten Karrika zeharkatuko lukeen hirugarren saihesbidearen eta Lanbarrengo plataforma logistikoaren kontrako alegazioa eurek ere sinatu zutela.
Azpiegitura erraldoien kontrako mozioan aipatu bezala, Pasaiako kanpoko kaia izango da Gipuzkoan aurreikusi diren azpiegituren artean Oiartzuni gehien eragingo dionetako bat.
Hau hala izanik ere, Pasaiako Portuko Agintaritzak Oiartzungo Udalari ez dio bidali Azpiegituren Plan Zuzendariaren Jasangarritasun Txostena, ondorioz, udalak ezin izan du bere interesen defentsa egin. Plenoan, Bilduko zinegotzien aldeko botoekin (oposizioa abstenitu egin zen), iradokizuna onartu zen udala «eragindako administrazioen» artean sartzeko eta 45 eguneko epea uzteko txostena lantzeko.
Beste gaiak: museoak, Xorrola autobusa eta protokolo gastuak
Herriko bi museoei aurten udalak egingo dien diru ekarpena ere onartu zuten, aho batez. Luberrik 63.700 euro jasoko ditu eta Herri Musikaren Txokoa kudeatzeko, beste 107.000 euro Soinuenea Fundazioak.
Xorrola zerbitzua datozen urteetarako kudeatzeko kontratazioa hastea ere onartu zuten. Bost urterako kontratua egingo diote eskaintza onenari.
Abenduko eta urtarrileko protokolo gastuen berri ere eman zuten. Abenduan 622 euro izan ziren (lore-sorta, eskela eta bazkaritan) eta urtarrilean, 1.170 euro (urteko harpidetzatan).