
Ehunka herritarrek, 1.500 antolatzaileen arabera, egin zuten bat Eleak mugimenduak herenegunerako deitutako manifestazioarekin, euskal gazteriak “libre eta legala” izan behar duela aldarrikatzeko. 12:00etan irten zen manifestazioa Lartzabal auzoko anbulatoriotik, eta euriak ez zuen eragotzi Espainiako Auzitegi Nazionalak zigortutako sei gazteenganako elkartasun eta babes erakustaldia.
Isilik egin zuen manifestazioak ibilbidea, eta ordubete beranduago heldu zen Agirre lehendakariaren plazara. Bertan, Arantxa Urbe mintzatu zen Eleak mugimenduaren izenean. Zigortutako sei gazteei babesa helarazi zien lehenik, eta ondoren epaia gogor salatu zuen: “Eskubideen errespetuan oinarritutako bidearen kontrako eraso berri bat da epaia”. Zigortutako gazteen delitu bakarra, “gazteen eskubideen alde gazte mugimenduan lan egitea, eta koloretako Euskal Herri berri bat amestu eta horren eraikuntzan aritzea” dela gaineratu zuen Urbek.
Eskubideen aldeko harresia
Oarsoaldeko gazteen kasua Euskal Herrian ez dela bakarra, eta “lan politikoa egiteagatik” Gipuzkoan 111 lagun auzibidean edo epaiaren zain daudela nabarmendu zuen Eleak mugimenduko kideak. Horren aurrean, eskubide guztien aldeko harresia beharrezkoa dela, eta eskubide urraketei “herri gisa” erantzuteko garaia dela gaineratu zuen.
Horrenbestez, sei gazteen aurkako prozedura buka dadila galdegin zuen Urbek: “Beste 11 gazteak bezala, libre eta kargurik gabe nahi ditugu sei hauek ere”. Herenegungo manifestazioan, “zigortutako sei gazteak absolbitzeko, beren eskubideekiko begirunea eskatzeko eta epaiketa politiko guztien amaiera exijitzeko” ideologia askotariko eta “errealitate berri eta guztiz demokratikoa” lortu nahi duen jende taldea elkartu zela esan zuen Urbek.
Horren harira, eta estatuen “itxikeria” gainditzeko denak “gutxi” izaten jarraitzen duela adierazita, “eskubideen aldeko borrokan konpromiso iraunkorra” galdegin zien manifestazioan bildutako ehunka herritarrei.
Desaktibazioa helburu
Gazte mugimenduko bi kidek hitz egin zuten ondoren. Epaia, Euskal Herriak bizi duen gatazkaren isla dela esan zuten: “Atxiloketak, euroaginduak, gazten aurkako jazarpenak, epaiketa politikoak, epaiak, espetxeratzeak… euskal gazteriaren eta, orokorrean, jendartearen desaktibazioa dute helburu”.
Horren aurrean, Eleak mugimenduko kidearen bidetik, “lanerako” deia zabaldu zuten Arenalean gazte mugimenduko bi kideek: “Bakoitzak bere eremutik eta bere modura, euskal jendarteak eraso horiei erantzutea lortu behar dugu. Eskubideak daude urratuta, eta horiek lortzera goaz”.
Manifestazio osteko ekitaldiak iraun zuen bitartean, gazte batek Oarsoaldean Gazte bat+ez! leloarekin murala margotu zuen.
Bildutako ehunka eta ehunka herritarren txalo zaparradarekin bukatu zen manifestazioa. Hori, baina, ez da izan asteburuan zigortutako sei gazteei elkartasuna adierazteko antolatutako ekimen bakarra. Oarsoaldean Gazte bat+ ez! mugimenduak antolatuta, ostiral arratsaldetik igande eguerdira arte, Gune Askea martxan izan zen Herriko Enparantzan. Kanpaldia egin zuten hamarnaka gaztek bertan, eta erakusketa, elkartasun argazkia egiteaz gain, eskuorriak banatu zituzten asteburu osoan zehar.
Larunbatean, berriz, elkarretaratzea egin zuten Lartzabalgo biribilgunean. Hamarnaka herritar izan ziren, Xabier Lujanbio, Maitane Linazasoro, Iosu Arruabarrena, Aitor Alberdi, Aitor Franco eta Arkaitz Antza gazteei elkartasuna adierazteko.
PSE-EE: “Sei lagunak kale borrokagatik zigortu dituzte”
Errenteriako Udalaren eta Gazte Abertzaleen irakurketaren harira, PSE-EEk adierazi du herriko sei lagunak “kale borrokarekin lotura izateagatik” zigortu dituztela, “ez oharrean zehazten duten bezala, ekintza politikoa aurrera eramateagatik”.
PSE-EEren arabera, 2008an, besteak beste, Errenteriako zinegotzi eta afiliatuen izenak ageri ziren dokumentazioa atzeman zieten: “Informazio horren helburua zen atentatuak prestatzeko oinarria izatea”.
Horrez gain, “erregai garrafak eta sua eragiteko tresnak, zein hainbat zinegotziren izenak diana baten barruan ageri ziren paskinak” ere atzeman zizkietela adierazi du PSE-EEk.
“Errenteria kale borrokak gehien zigortutako herrietako bat izan da, eta herritarren gehiengoak beti baztertu izan du indarkeria mota hori eta euren egileak”, gaineratu du PSE-EEk.
Zigor horiekin ez dela pozten esan du, eta lanean jarraituko duela “benetako normalizazioa errealitate sozial bat izan dadin, ez hitzak soilik”. Hala ere, esan du ez duela onartuko “ezker abertzaleak Errenterian azken hamarkadetan bizi izan den errealitate historikoa itxuragabetzea, ezta gazte horiek dauden egoerara eraman dituzten ekintza frogatuak ere”.