Udala: «Hirigintzako Aholku Kontseilua lanerako gogoz hasi da biltzen»
Herriko 21 taldetako ordezkariek parte hartu dute; Plan Orokorra izango da gai garrantzitsuenetakoa Hirigintzako Aholku Kontseiluak legegintzaldi honetako lehenengo bilera egin zuen pasa den asteartean. Herriko elkarteetako 21 ordezkari bildu ziren bat...
Herriko 21 taldetako ordezkariek parte hartu dute; Plan Orokorra izango da gai garrantzitsuenetakoa
Hirigintzako Aholku Kontseiluak legegintzaldi honetako lehenengo bilera egin zuen pasa den asteartean. Herriko elkarteetako 21 ordezkari bildu ziren batzarrean udal ordezkariekin, eta lanerako prestutasun handia erakutsi zutela nabarmendu du Oiartzungo Udalak. Dagoeneko elkarte bakoitzak Hirigintzako Aholku Kontseiluan izango dituen ordezkariak izendatu ditu.
Legegintzaldi honetan Hirigintzako Aholku Kontseiluak landuko duen gai garrantzitsuenetako bat Oiartzungo Plan Orokorra izango da. Lehenengo batzarrean gai hori lantzen hasi ziren.
Horrekin batera, Pasaiako Portuaren Ingurumenarekiko Jasangarritasun Txostenari udalak aurkeztuko dizkion alegazioak azaldu zituzten udal ordezkariek, eta Aholku Kontseiluko talde guztiek bat egin zuten alegazio hauekin.
Parte hartzerako gunea
Bestetik, udalak etxebizitza politikan dituen asmoak azaldu zituen eta Aholku Kontseiluko kideen ekarpenak jaso zituen, «bai gai horretan eta baita gainerakoetan ere».
Hirigintzako Aholku Kontseilua parte hartzerako gune garrantzitsua da Oiartzungo Udalarentzako, «herriko elkarte eta taldeekin zuzenean elkartu eta gaiak elkarrekin lantzeko espazioa baita».