Auzitegi Nazionalak sei urteko espetxe zigorra ezarri die Oarsoaldeko sei gazteri
Segikoak direlakoan zigortu ditu Xabier Lujanbio, Maitane Linazasoro, Iosu Arruabarrena, Aitor Alberdi, Aitor Franco eta Arkaitz Antza. Beste 11 gazte absolbitu ditu.
Espainiako Auzitegi Nazionalak sei urteko espetxe zigorra ezarri die Oarsoaldeko sei gazteri, Segiko kide direlakoan. Xabier Lujanbio, Maitane Linazasoro, Iosu Arruabarrena, Aitor Alberdi, Aitor Franco eta Arkaitz Antza dira zigortu dituzten gazteak. Absolbitu egin ditu, berriz, Haizea Iriarte, Beñat Burlada, Alexander Etxeberria, Egoitz Urbe, Hodeiertz Urain, Alain Luna, Iker Zabala, Oinatz Arbelaiz, Oihana Mugika eta Gaizka Ibeas. Imanol Sagarzazu ere absolbitu egin du bere aurkako karguak kendu zituelako fiskalak.
Gazteak 2008an atxilotu zituzten hainbat operaziotan, eta tratu txarrak eta jazarpen sexuala salatu zituzten. Urtebete geroago horietako batzuk fidantzapean atera ziren. Epaiketarako ez zirela Madrilera joango esan zuten, eta Ertzaintzak Errenterian atxilotu zituen eraman zitzaten. Uztailean epaitu zituzten. Gazteek azken hilabeteetan euren egoera salatzeko lanean izan dira, eta hainbat elkartasun adierazpen jaso dituzte. Besteak beste, Martin Garitanok Gipuzkoako Aldundian hartu zituen.
Pasa den larunbatean Gasteizen izan ziren eskubide zibil eta politikoen alde Ekaitz Samaniego gazte independentistari babesa emateko egin zen manifestazioan, auzipeetutako Aiaraldeko (Araba) beste gazte batzuekin batera. Samaniegok zortzi urteko espetxe zigorra bete beharko du.